Politika -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Rufi Etxeberria : 'Bake prozesuak Gobernuaren parte-hartzea behar du'

Ezker abertzaleko buruzagiaren esanetan, "armak entregatzeko prozesua adostua izan behar da, behin betikoa izan dadin, eta horretarako elkarrizketa ezinbestekoa da".

Rufi Etxeberria ezker abertzaleko buruzagia Euskadi Irratian. Argazkia: EITB
Rufi Etxeberria ezker abertzaleko buruzagia Euskadi Irratian. Argazkia: EITB
Rufi Etxeberriak 'ezezkoarem harresia' apurtzeko eskatu dio PPri

05:10

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rufi Etxeberria ezker abertzaleko buruzagia Euskadi Irratiko "Albiste Faktorian" izan da eta bake prozesuaz hitz egin du:  "Abian dagoen prozesua da, euskal gizartearen gehiengoak horrela nahi duelako", adierazi du.

"Bakea eta normalizazio politikoaren prozesua abian dago, PPren Gobernuak eta Sarkozyrenak entzungorrarena egiten duten arren. Munduan eman diren gatazkak kontutan hartuta, ondorioak konpontzeko formula bakarra elkarrizketa da. Gatazkaren ondorio guztiak hitz eginez konpondu behar dira".

Honen harira, ETAk bere kabuz aldebakarreko desarmea iragartzeko aukera dagoen ala ez galdetuta, Rufi Etxeberriak esan du desarmearen prozesuak "adostua" izan behar duela "era ordenatu batean egiteko eta behin betiko ixteko elkarrizketa behar da. Adostuta ixten dira gauzak ondo", berretsi du.

"Alde guztien parte-hartzea ezinbestekoa da gauzak behar diren eran ixteko. Zalantzarik utziko ez duen prozesua behar da. Horretarako, alde guztiek parte hartu behar dute, hori da formula guretzat, horrela konpondu direlako beste gatazkak, eta hemen Gobernuaren jarrera falta da".

PSOEren 38. Kongresuaz ere mintzatu da eta bertan "konponbidearen aldeko jarrerarik ez agertzea" kritikatu du. "Gure eskaera bakearen eta normalizazio politikoaren aldeko politikak egitea da", adierazi du.

Alderdi popularraren jarrerari buruz, "ezezkoaren harresia agertzen da euren diskurtsoan eta gauza kezkagarria da, batez ere gizartearen nahien kontrako jarrera delako", esan du. "PP bakarrik geratu da eta bakardadean jokatzea denbora gutxiko bidea da", ezker abertzaleko buruzagiarentzat. "Ezker abertzaleak erakutsi du pazientzia izaten badakiela; eguneroko jardunean pazientziaz baina konpromisoz lan egingo dugu garai politiko berrian gizartearekin konpromisoa dugulako eta ez diogu huts egingo gizarteari".

Presoen aldeko Bilboko manifestazio jendetsuaz eta "Herrira" mugimenduaren jaiotzaz, Etxeberriak esan du mugimendu berriari jarraipena ematea espero duela eta nahia "ahalik eta eperik laburrenean preso eta iheslariak etxera bueltatzea" dela.

Eskoziako prozesu independentista ezker abertzalearen ispilua dela adierazi du, baina "horretara iristeko Espainiak eta Frantziak ukatzen digutena behar da, hau da, gure eskubideak onartzea".

Azkenik, Arnaldo Otegi espetxetik ateratzea eskatu du. Otegi ezker abertzalearen lehendakarigaia izango ote den galdetuta, Etxeberriak esan duenez, "lehenbailehen irten behar du espetxetik, eta orduan hautatuko dugu gure hautagaia, baina, gure ustez, noski, bera litzateke egokiena".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea