Politika -

Patxi Lopezi kritika

Ortuzar: 'Hauteskundeak ahalik eta lasterren egin beharko lirateke'

Andoni Ortuzarrek Patxi Lopez kritikatu du eta bere ustez, "bere alderdiaren interesak herrialdekoaren gainetik jartzen ari da".

Andoni Ortuzar. Argazkia: EITB
Andoni Ortuzar. Argazkia: EITB
Andoni Ortuzar. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoni Ortuzar EAJren BBBko presidenteak esan du euskal hauteskundeak "ahalik eta lasterren" egin behar direla herrialdearen interesagatik.

"Onda Vascan" elkarrizketatu dute eta Patxi Lopezen Gobernuak legegintzaldia amaituko ote duen ez dakiela esan du, ezta "egoera honi eutsi ahal izango dion" ere, izan ere, bere ustez "PSE-EEren idazkari orokor modura jokatzen ari da, eta orain exekutiba federaleko kide bezala; bere alderdiaren interesak herrialdekoen gainetik jartzen ari da", adierazi du.

Hauteskundeak aurreratzea "PPren eta PSOEren interesen baitan egongo da, herrialdekoaren gainetik", esan du. "Herrialdeen interesak kontutan hartuta, nik uste, hauteskundeak ahalik eta lasterren egin behar direla".

Eusko Jaurlaritzak 42 lege aurrera ateratzeko bederatzi hilabete dituela esan du Ortuzarrek eta garrantzitsuenen gainean "PPrekin desadostasunak" dituela adierazi du. Horregatik, Gobernuari "PPrekin edo gurekin edo biokin aldi berean adostasuna bilatzeko elkarrizketa" bultzatzeko proposatu dio, Udalen Legea, Kutxena edota Etxebizitzarena, besteak beste, aurrera ateratzeko.

Hala ere, buruzagi jeltzaleak esan du ez duela Jaurlaritza akordiorako "ez indarrekin, ezta gogoekin ere" ikusten.

Bere alderdia negoziaketetan ez dagoela onartu du "PSE-EEk eta Eusko Jaurlaritzak EAJrekin zubiak hautsi dituztelako".

Azkenik, Ortuzarrek nazioarteko egiaztatze batzordearekin izandako bileren balantze positiboa egin du. Bere ustez, prozesuari "nazioarteko akonpainamendua, horrelako prozesuetan adituak diren pertsonekin, ongi zetorkion". Hala ere, euren papera "bigarren mailakoa" dela adierazi du, garrantzitsuena "euskal erakundeek egin behar dugulako".

"Gainera, beste pauso garrantzitsu baten zain jarraitzen dugu, ETAk pauso gehiago emango dituela esatearen zain, desarmea eta gatazkaren ondorioak bideratzeko", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea