Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Aintzane Ezenarrok ukatu egin du EAJra joango dela

Aralarren bozeramaileak onartu du gai jakin batzuetan "EAJrekin ados" egon daitekeela eta berretsi egin du Aralar Amaiur koalizioko kide izatearen aurka agertu zela.

Aintzane Ezenarro Radio Euskadiko estudioetan. EITB
Aintzane Ezenarro Radio Euskadiko estudioetan. EITB
Aintzane Ezenarro Radio Euskadiko estudioetan. EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aintzane Ezenarrok gezurtatu egin ditu bere etorkizuna EAJn dagoela dioten zurrumurruak. "Nabarmendu nahi dut Aralarreko bozeramailea naizela, Aralarreko kidea naizela eta Aralarren jarraituko dudala", adierazi du Radio Euskadin egindako elkarrizketan.

"Militantzia politiko bakarra Aralarren egin dut, oso gustura egon naiz, proiektu honetan erabat sinetsita nago eta Aralarren izan naizen azken 9 urteotako ideia berberak defenditzen jarraitzen dut", azpimarratu du.

Zurrumurru horien atzean "oinarrian dagoen eztabaidari heldu nahi ez dioten pertsonak" daudela esan du. "Argumenturik ez dutenean, pertsonei eraso egitera jotzen dute", salatu du.

Nolanahi ere, Ezenarrok onartu du zenbait gaitan EAJrekin ados egon daitekeela. "Nik ez daukat ezkerreko beste sektore batzuek EAJri dioten ezinikusia; ikuspuntu ideologiko eta politiko batzuk konpartitzen ditugu", adierazi du.

Ildo beretik, Ezenarrok berretsi egin du Aralar Amaiur koalizioaren baitan hauteskundeetara joateko erabaki "taktikoaren" kontra egon zela. "Aralarren baitan ez da eztabaida sakonik eman etorkizunean ezker abertzale ofizialarekin bidea egin behar dugun edo ez erabakitzeko", kritikatu du.

Ezenarroren arabera, ezker abertzaleak "giza eskubideen esparruan asko du egiteko, haiekin elkarlan estrategiko bat egin ahal izateko". Bakoitzak bere espazioa duela, baina "unean-unean" Aralar eta ezker abertzalea elkarlanean aritzea posible dela esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea