Politika -
Iritzi kontrajarriak
Desadostasunak PPn, homosexualen ezkontzen inguruan
Alberto Ruiz-Gallardonen ustez ez dira inkonstituzionalak; Jorge Fernandez Diazek, aldiz, PPk 2005ean aurkeztutako helegitearen alde egin du.
Erredakzioa
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroaren hitzetan, PPk ez zukeen Auzitegi Konstituzionalean homosexualen ezkontzen kontrako helegitea aurkeztuko, ezkontza horiek inkonstituzionalak direla uste izan ez balu.
Azalpen horrekin erantzun du Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak gaur bertan gaiaren inguruan egindako adierazpenen gainean galdetuta.
Izan ere, Justizia ministroak adierazi du bere ustez homosexualen ezkontza ez dela Konstituzioaren aurkakoa, eta beraz, legeak indarrean jarraituko duela Auzitegi Konstituzionalak PPk 2005ean aurkeztutako helegitearen inguruan ebazpen bat eman arte. "Itxaron beharra daukagu, eta legea indarrean egongo da Konstituzionalak irizpidea ezarri arte", nabarmendu du.
"Inkonstituzionala dela uste izan ez bagenu, ez genuen kontrako botoa emango, ez genion osoko zuzenketa jarriko eta ez genion inkonstituzionalitate helegitea jarriko'', azaldu du Jorge Fernandez Diaz ministroak.