Politika -
Urkullu-Jaurlaritza polemika
Aresek 'elkarrizketa pribatuak manipulatzea' leporatu dio Urkulluri
Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo sailburuak uste du buruzagi jeltzaleak "Euskadiren izena zikintzen" duela "alderdiaren mesederako".
Erredakzioa
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak "elkarrizketa pribatuak manipulatzea" eta "Euskadiren izena alderdiaren mesederako zikintzea" leporatu dio Iñigo Urkullu EAJren presidenteari. Horren harira, izandako harremanetatik ezin omen da "alarmarik" ondorioztatu, "are gutxiago Jaurlaritza kiebran erortzeko arriskuan dagoela pentsatu".
Aresek agiri batean azaldu duenez, buruzagi jeltzaleak "akatsari eusten dio", izan ere, gaur bertan berretsi du Jaurlaritzaren egoera ekonomiari buruz esandakoa. Hori dela eta, sailburu sozialistak azaldu duenez, Urkulluk "bere horretan jarraitzen du elkarrizketa pribatuak manipulatuz Euskadiren izena zikintzen, atzera egin beharrean".
Aresen arabera, Urkullurekin izandako elkarrizketa horiek "Jaurlaritzan dudan arduraren diskrezioarekin gorde beharko lirateke" eta "ez da lehenengo aldia" EAJren presidenteak "elkarrizketa pribatuak jakinarazten dituela asmo txarrarekin, egiarekiko errespeturik gabe".
Horren harira, urtarrilaren 23tik aurrera izan dituzten elkarrizketetatik "alarma zeinurik" ezin dela ondorioztatu azpimarratu du.
Azaldu duenez, dei horiek ezin dira "etsipenezko dei" bezala ulertu, ezta "Jaurlaritzaren kiebra baten atariko direla pentsatu ere".
Aresek gogorarazi du Joseba Egibar EAJren Gipuzkoako buruak berak gezurtatu duela Urkulluren bertsioa.