Politika -
Larunbatean, Bilbon
Patxi Lopez Bakearen Aldeko Koordinakundearen manifestazioan izango da
EAJ, PSE-EE, PP, EA, EB, IU eta Geroa Bai alderdietako ordezkariak ere bertan egongo dira.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakaria larunbat honetarako Bakearen Aldeko Koordinakundeak Bilbon deitu duen manifestazioan izango da. ETAren jarduera armatuaren bukaera ospatzeko deitu dute, "Lortu dugu" lelopean. Koordinakundearen azken manifestazioa izango da, eta Bihotz Sakratuaren plazatik abiatutako da, 17:30ean.
EAJ, PSE, PP, EA, EB, IU eta Geroa Bai alderdietako ordezkariak ere izango dira bertan, eta UpyDk bertara joan ala ez erabakitzeko askatasuna eman die bere militanteei.
Lehendakariarekin batera, Rodolfo Ares eta Idoia Mendia sailburuak izango dira larunbatean Bilbon.
EAJ alderdiko Iñaki Anasagasti, Iñigo Iturrate eta Izaskun Bilbao joango dira. Sozialisten kasuan, Odon Elorza izango da bertan, eta PPko Iñaki Oyarzabal eta Borja Semper ere espero dira Bilbon.Aurreikuspenen arabera, Uxue Barkos ere egongo da bertan, eta baita EB-Berdeak alderdiko Jose Navas eta Ezker Anitza-IUko Mikel Arana ere.
Ohikoa denez, Eusko Alkartasunak manifestazioan parte hartuko du. Bildu osatzen duten formazioen artean bertan izango den bakarra da.
Enpresa, sindikatu eta kultur esparruko hainbat kidek atxikimendua adierazi dute, eta baita ETAko hainbat biktimak ere. Natividad Rodriguez (Fernando Buesaren alarguna), Amaia Guridi (Santiago Oleagaren alarguna) eta Patxi Elola sozialista, besteak beste, Bilbon egongo dira.