Politika -

Radio Euskadiko eztabaidan

Gatzagaetxebarriak lehendakariari eskainitako iraina erretiratu du

EAJko legebiltzarkideari zuzenketa publiko bat eskatzeko asmoa zuen PSE-EEk. Pastorrek Gatzaetxebarriaren keinua eskertu eta ika-mika amaitutzat eman du.

Ika-mika latza izan da Parlamentuan Patxi Lopezen eta Gatzaetxebarriaren artean. Argazkia: EITB
Ika-mika latza izan da Parlamentuan Patxi Lopezen eta Gatzaetxebarriaren artean.
Ika-mika latza izan da Parlamentuan Patxi Lopezen eta Gatzaetxebarriaren artean. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ricardo Gatzagaetxebarria EAJko parlamentariak Patxi Lopez lehendakariari esandako iraina erretiratu du Radio Euskadiko 'MQP' irratsaioan izandako eztabaida politikoan. Ostiral honetan ika-mika latza izan zen Legebiltzarrean eta EAJko legebiltzarkideak "ezjakin" deitu zion lehendakariari.

Gatzaetxebarriak azaldu duenez, Legebiltzarrean "auzi desberdinen gainean eztabaida bat izan zen" eta defizit publikoari eta Eusko Jaurlaritzako aurrekontuei buruz galdetu zion Patxi Lopezi. "Lehendakariak eztabaida tenkatu zuen, profetarena eta iruzur egin izana leporatu zidan", esan du.

"Nire txandan eztabaidatzen ari ginen datuen gainean ez zekiela ezer egotzi nion eta hori dela eta, ezjakin esan nion", azaldu du EAJko legebiltzarkideak. "Nire ustez, Patxi Lopez ez da ezjakin; momentu hartan eztabaidatzen ari ginen informazioaren gainean ezjakina zela esan nahi nuen", zehaztu du.

"Ez dut lehendakaria iraintzeko asmorik eta ez dut ere hitz hura erretiratzeko arazorik. Halaber, horrela egingo dut Legebiltzarraren saio hartako aktan agertu ez dadin", azpimarratu du.

Pastorrek jokaera eskertu dio Bestalde, Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak jokaera eskertu dio buruzagi jeltzaleari "ezjakin" hitza erretiratu duelako. "Ohoratu egiten dio jokaerak, izan ere, nik publikoki eskatu egingo nion. Pozten naiz eta PSE-EEtik, gainera, barkamena onartzen diogu; gertaera hau itxitzat ematen dugu", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea