Politika -

Auzitegi Nazionala

31 urteko espetxe zigorra 'Otazua' taldeko hiru kiderentzat

Auzitegi Nazionalak 19 urteko espetxe-zigorra ezarri die hilketa saiakeragatik eta 12koa, zauriak eragiteagatik.

Otazua taldeari epaiketa. Argazkia: Efe
Otazua taldeari epaiketa. Argazkia: Efe
Otazua taldeari epaiketa. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak 31 urteko espetxe-zigorra ezarri die Daniel Pastor, Iñigo Zapirain eta Beatriz Etxebarria "Otazua" taldeko kideei 2007ko urriaren 9an PSE-EEko zinegotzi baten autoan lehergailu bat jartzeagatik. Zinegotziaren bizkartzaina zauritu zen bertan. Atentatu hori dela eta, bakoitzari 19 urteko espetxe zigorra ezarri die epaileak hilketa saiakeragatik, eta 12koa, zauriak eragiteagatik.

Hala ere, beste giza hilketa baten saiakuntza delituagatik absolbitu egin ditu, izan ere, Juan Carlos Domingo zinegotzia oporretan zegoen, eta ez zuen atentatua jasan.

Epaiak frogatutzat eman du taldea hiru hilabetez zinegotziari jarraika aritu zela, 2007ko urriaren 8an haren ibilgailuan lehergailu bat jarri zuen arte.

Epaiaren arabera, lehergailua autoaren azpialdean jarri zuten, gasolina tangaren alboan (bizkartzainak erabiltzen zuen eserlekuaren azpian), eta, bitartean, Zapirainek ("Aritza"), "zaintza lanak" egin zituen.

Lehergailuak hurrengo eguneko arratsaldeko 13:00etan egin zuen eztanda, Gabriel Gines Colas bizkartzaina Bilboko Abusu auzoan zihoala.

Leherketa handia izan zen, autoak su hartu eta erabat kiskalita geratu zen, baina bizkartzainak ibilgailutik ateratzea lortu zuen. Gabriel Ginesek bigarren eta hirugarren mailako erredurak jasan zituen aurpegian, buruan, lepoan, besoaren aurrealdean eta eskuineko eskuan, horrez gain, metraila zauriak ere jasan zituen.

Teresa Palacios epaileak zuzendutako epaimahaiaren iritziz, urtarrilaren 23ko saioan aztertu zituzten frogek argi utzi dute hiru akusatuek atentatuan parte hartu zutela, eta, horrez gain, iaz, martxoan, atxilotu zutenean, Zapirainek atentatu horretan parte hartu izana onartu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea