Politika -

Bost ardatz izango ditu

Ezker abertzaleak bakearen aldeko agiri bat aurkeztuko du hilaren 26an

"Elkarrizketan eta adostasun demokratikoan" oinarrituko dela defendatu du ezker abertzaleak. "Berriro ez errepikatzeko, elkarrekiko errespetuaren aitorpena sustatuko da".

Maribi Ugarteburu eta Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kideak. Argazkia: Efe
Maribi Ugarteburu eta Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kideak. Argazkia: Efe
Ezker abertzaleak bakearen aldeko agiri bat aurkeztuko du

00:12

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ezker abertzaleak "Euskal Herrian bakea eta eszenatoki demokratikoa eraikitzeko" agiri bat aurkeztuko du hilaren 26an Donostiako Kursaal jauregian. "Euskal Herriaren helburu gisa, gatazkaren ondorioentzako erantzunean eta egia ezagutzeko beharrean" oinarrituko da.

Ekitaldira nazioarteko ordezkaritza bat joango da Maribi Ugarteburu eta Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kideek gaur jakitera eman dutenez.

Ekitaldian, ezker abertzaleak "irtenbideak bilatzeko prozesu irekiaren aldeko konpromisoa" berrituko du. Ezker Abertzaleak, "bake justu eta iraunkorreko eszenatokia lortzeko" bost ardatz izango dituen deklarazioa aurkeztuko du:

1-Bakea, Euskal Herrian eraikitzeke dagoen helburua.

2-Gatazkaren ondorioentzako erantzuna.

3-Aitortza sustatu, elkarrekiko errespetutik abiatuta.

4-Euskal Herriak daukan egia ezagutzeko premia.

5-Elkarrizketa eta akordio demokratikoa, berriro ez errepikatzearen bermeak. "Ardatz hauek behin betiko irtenbideak lortzeko premiazko beharrean oinarritzen dira", Rufiren ustez, "denak irabazle izango garen agertokia lortzeko, bakearen eta normalizazio politikoaren garaile izateko".

Helburu hori lortzeko "batasuna" eskatu du Etxeberriak, euskal gizarteak "behin betiko aro berri batean sartzeko nahia duen unean".

12.00etan hasiko den Kursaaleko ekitaldia publikoa izango da eta herritar guztiak gonbidatu dituzte, baita EA, Alternatiba eta Aralar alderdiak ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea