Politika -

Dekretuaren zirriborroa

Jaurlaritzak Poliziaren biktimen laguntzak aurkeztuko ditu gaur

1968 eta 1978 urteen artean Segurtasun Indarren gehiegikeriak pairatu dituztenei zuzenduta izango dira laguntzak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak 1968 eta 1978 urteen artean Poliziaren gehiegikerien biktima izan direnentzako diru-laguntzen dekretuaren zirriborroa aurkeztuko du gaur. Aurtengo Aurrekontuetan aurrez ikusita dagoenez, milioi bat euro bideratuko dituzte zeregin horretarako.

Hain zuzen ere, "1968 eta 1978 urteen artean zegoen indarkeria politiko giroan, Giza Eskubideen urraketak pairatu zituztenak aintzatestea eta erreparazio osoa ematea" du helburu dekretuak.

Iazko amaieran, Idoia Mendia bozeramaileak azaldu zuen balitekeela torturak pairatu zituzten ETAko kideak egotea kaltedunen artean, baina "gehienak" erakunde terroristarekin eta jarduera politikoekin lotura ez duten pertsonak direla.

Horren adibide, Segurtasun Indarren kontroletan edota manifestazioetan abusuak pairatu zituzten pertsonak aipatu zituen.

Halaber, bonba bat manipulatzean eta polizien aurkako enfrentamenduetan hildako terroristak ez dituztela kontuan hartuko zehaztu zuen.

Dekretua Eusko Legebiltzarrak eskatu zuen 2011ko martxoaren 31n. Egun horretan, osoko bilkurak ekimen bat adostu zuen, "biktima politiko"ei diru-laguntzak ematea eskatzeko. Gainera, batzorde txostengile bat sortzea adostu zuten, eta egun lanean ari da dagoeneko.

Aipatu ekimenaren testuan, neurri guztiak "terrorismoaren erabileraren justifikazioa errefusatuta eta biktimak parekatu gabe" abiatu behar direla onartu zuten taldeek.

Biktima eta kriminala

Mendiak aitortu izan du gerta litekeela pertsonaren bat aldi berean biktima eta kriminala izatea, baina gogorarazi du "pertsona guztiek" dituztela "giza eskubideak eta duintasuna".

Kasu horietan, diru-laguntzak jasoko dituzten arren, ez diete omenaldirik egingo.

Dekretu honen ostean, Jaurlaritzak beste bat prestatuko du, 1979 urtetik aurrera jazotako gehiegikeriak pairatu dituztenei zuzenduta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea