Politika -
Jaurlaritzaren dekretua
Motibazio politikoko biktimak aintzat hartzeko lehen dekretua, abian
1968 eta 1978 urteen artean Estatuko segurtasun indarrek eta indar parapolizialek eragindako biktimei zuzenduta dago.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak motibazio politikoko biktimak aintzat hartzeko lehen dekretuaren zirriborroa aurkeztu du gaur. 1968 eta 1978 urteen artean Estatuko segurtasun indarrek eta indar parapolizialek eragindako biktimei zuzenduta dago.
Idoia Mendia Justizia sailburuak, Ines Ibañez de Maeztu Giza Eskubideen zuzendariak eta Manuela Carmena magistratu ohiak aurkeztu dute dekretua. Oso litekeena da datorren udaberrian onartzea behin betiko eta ondoren bigarren dekretu bat prestatzen hasiko dira, 1978tik aurrera izan diren biktimak aintzat hartzeko.
Dekretu honen bitartez 1968-1978 urteen artean motibazio politikoak eragindako biolentziak utzitako biktimak aintzat hartzea eta egindako kaltea ordaintzea bilatzen du dekretu berriak.
"Elkartasun soziala, elkarbizitza eta Zuzenbide Estatuaren zilegitasuna bultzatu nahi ditu Jaurlaritzak dekretu honen bitartez", azaldu du Idoia Mmendiak. "Modu zuzenean nahiz zeharka segurtasun indarrek, funtzionari publikoek edota Administrazio Publikoarekin elkarlanean aritzen ziren beste pertsona batzuek egindako ekintza bidegabeek eragindako sufrimendu injustuak pairatu dituzten pertsonak" joko dituzte biktimatzat.
Heriotza, balioezintasun handia, ezintasun iraunkorra eta balioezintasuna eragin ez duten lesio iraunkorrak jotzen dira "sufrimendu injustutzat" dekretu berrian.
Aitzitik, "motibazio politikoko indarkeria jarduera bat egiterakoan edo egiteko asmotan zeudenean kaltetutako pertsonak" ez dira biktima izango, dekretuaren arabera. Gauzak horrela, "lehergailu bat jartzerakoan edo Estatuko segurtasun indarrekin izandako tiroketa batean hildako terrorista bat ezingo da inoiz dekretu honek eskaintzen dituen onuretaz baliatu", nabarmendu du Mendiak.
ETAren biktimak "lasaitu" nahi izan ditu Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak: "Ez ditugu biktima batzuk eta besteak maila berean jarri nahi, ezta indarkeria mota ezberdinen artean distantziakidetasunik egin nahi ere".
Dekretuak kalteordainak ematea aurreikusten du, 35.000 eurotik hasi eta 390.000 euroraino. Jaurlaritzaren Giza Eskubideen Zuzendaritzak balizko biktimen kasuak aztertzeaz arduratuko den batzordea eratuko du eta honela egongo da osatuta: aipatu zuzendaritzak aukeratutako bi aditu izango dira; Eusko Legebiltzarrak aukeratutako beste bi ordezkari; Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren beste ordezkari bat; eta euskal gizartea ordezkatuko duen beste pertsona bat.