Politika -
EAEko Estrategia Energetikoa
Aralarrek Jaurlaritzaren estrategia energetikoari helegitea jarri dio
Aralarrek Jaurlaritzaren 2020 Estrategia Energetikoaren aurka helegitea aurkeztu du EAEko Auzitegi Nagusian, Ingurumeneko Eraginaren Ebaluaziorik gabe onartu delako.
Erredakzioa
Aralarren legebiltzarkide eta koordinatzaileorde Dani Maeztuk prentsaurrekoa eman du gaur Eusko Legebiltzarrean. Agerraldian, Aralarrek 2020 Euskadiko Estrategia Energetikoaren aurka EAEko Auzitegi Nagusian aurkeztu duen salaketaren berri eman du.
"Estrategia energetikoak derrigorrez, eta legez, Ingurumeneko Eraginaren Ebaluazioa izan beharko luke, baina hori gabe onartu du Eusko Jaurlaritzak eta horregatik helegitea jarri dio Aralarrek,Euskal Herriko Epategi Nagusiaren aurrean. Otsailaren 17an aurkeztu zuen Aralarrek helegitea "badaezpada eta behin-behinean estrategia bertan behera geratzeko" . Maezturen iritziz, gobernuak jarraitu duen prozeduran “salagarriena eta larriena da, estrategia, parte-hartze politikorik eta sozialik gabe onartu dela”. Parte-hartzearen kontzeptuari garrantzia eman dio koordinatzaileordeak. “Garapen eredu kapitalista ezbaian jartzen ari den honetan, ezinbestekoa da estrategia energetiko bat onartu aurretik behar den moduko prozesu parte-hartzailea irekitzea”, azaldu du. Legebiltzarkidearentzat garapen eredua, eredu produktiboa eta eredu energetikoa estuki erlazionatuta dauden kontzeptuak dira, “eta gaur egun ematen ari den errebisio kritikoari kasu egitea eta ondorioak jasotzea garrantzitsua da”. Aralarren legebiltzarkideak helegitearen zioan dagoen oinarri juridikoa ere aipatu du eta oinarri juridiko horren babespean, badaezpada, behin-behinean estrategia bertan behera geratzea eskatzeko idatzia aurkeztuko duela iragarri du. Europako eta Espainiako 2001 eta 2006 ko legeek diotenez, "administrazioak onartzen dituen plan estrategikoek Ingurumenarekiko Eraginaren Ebaluazioaren prozedura bete behar dute”. Era horretan, Aralarrek helegitearekin lortu nahi duen helburuetako bat beteko litzateke, hau da estrategia onartu aurretik prozesu parte-hartzailea irekitzea. Legebiltzarkideak gogoratu du Aralarrek Eusko Legebiltzarrean ekimena erregistratua duela, Eusko Jaurlaritzak estrategia energetikoa plan bezala Legebiltzarrean aurkez dezan.