Politika -
Polemika
EAJ, PSE eta PP, Zubietako kartzela geldiaraztearen aurka agertu dira
Rajoyren Gobernuak Gipuzkoako espetxe berriaren proiektua bertan behera uztea erabaki du, gaur argitaratutako hainbat informazioren arabera.
Erredakzioa
Donostiako Udaleko oposizioko alderdiak, EAJ, PSE-EE, eta PP, Rajoyren Gobernuak Zubietako espetxe berria geldiarazteko hartutako erabakiaren aurka agertu dira.
El Mundo egunkariak argitaratu duenez, Espainiako Gobernuak Zubietako kartzela eraikitzeko lanen eskaintza geldiaraztea erabaki du Espetxe berrirako funtzionariorik ez duelako, izan ere, Rajoyren Exekutiboak adostutako murrizketek, besteak beste, Lan Eskaintza Publikoak deitzea galarazten dute.
Donostiako Udaleko oposizioko alderdiak erabakiaren kontra agertu dira. Ramon Gomez Donostiako PPren bozeramaileak bere alderdiak zuzentzen duen Gobernuak hartutako erabakiarekin ez dagoela "batere ados" azaldu du ohar batean, "hirigintza garatzeko ezinbesteko egitasmoa" dela azpimarratuz.
Gomezen arabera, EAEko PP Zubietako kartzelako lanak ez geldiarazteko lanean "burubelarri" ari da eta "alderdiaren zuzendaritza Barne Ministerioarekin hizketan ari da erabakia berrikus dezaten", erantsi du.
Enrique Ramos PSE-EEko zinegotziaren ustez, egitasmoa bertan behera uzteak "Gipuzkoako industriagune handienaren eraikuntza kolokan" jarriko du. Ramosek esan duenez, han 105 hektarea erosteko akordioa lortu zuten Donostiako Udalak eta Espainiako Gobernuak, horietatik %28,8 espetxea egiteko eta beste eremua industrialde bat eraikitzeko. Halaber, PSE-EEko hautetsiak Martutenekoa "baldintzarik okerrenak" dituen kartzela dela azaldu du. EAJrentzat, berriz, Txomi inguruan 1.250 etxebizitza eraikitzeko egitasmoarentzat "kolpe gogorra" da, horien artean, 300 etxebizitza, hain zuzen, Martuteneko kartzelako lurretan egitekoak ziren.