Politika -

Ekitaldi politikoa Gasteizen

Morenok Espainia atzean uztea nahi du, Euskadirentzat 'oztopoa' delako

Ezker abertzaleak krisia gainditzeko aukerak aurkezteko gaitasunik ez izatea leporatu die PSE-EEri, UPNri eta EAJri.

Txelui Moreno, ezker abertzaleko kidea. Argazkia: Efe.
Txelui Moreno, ezker abertzaleko kidea.
Txelui Moreno, ezker abertzaleko kidea. Argazkia: Efe.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiarekin "sokak askatzearen" alde agertu da Txelui Moreno ezker abertzaleko agintaria; izan ere, bere hitzetan, "Madrilekiko mendekotasunak" "oztopo" egiten dio Euskal Herriaren garapen ekonomikoari. Gauzak horrela, martxoaren 29an lan-erreformaren aurka deitutako greba orokorrarekin bat egiteko eskatu die euskal herritarrei.

Moreno Gasteizen "Aldaketa haizea dabil-Viento de cambio" lelopean egindako ekitaldi politikoan izan da, ezker abertzaleak eta LAB sindikatuak antolatuta. Ekitaldi horren ardatza krisi ekonomikoa eta subiranotasunean oinarritutako "aldaketa politiko eta soziala"ren beharra izan da. Bi ideia horiek ezinbestekotzat jo ditu Euskal Herriaren egungo eredua gainditzeko.

Morenok krisia gainditzeko aukerak aurkezteko gaitasunik ez izatea leporatu die PSE-EEri, UPNri eta EAJri. PPren "errezetak" ere kritikatu ditu sektore publikoa ahuldu eta finantza-sektoreari lagundu besterik ez dietelako egiten.

"Erabaki nahi dugu"

"Hemen bizi, lan, sufritu eta gozatu egiten dugu; hemen erabaki behar dugu. Ez dugu nahi beste inork gure ordez erabakirik hartzea, ez Berlinen, ez Parisen eta ez Madrilen", azpimarratu du ezker abertzaleko agintariak.

Morenoren ustez, murrizketa-politikaren aurrean bestelako aukerak daude, eta gizartearentzako bidezkoagoa den irteera ere. Bere esanetan, Euskal Herria "subiranotasuna izateko prest dago", berezko baliabideak dituelako, herri "bizia eta aktiboa" delako; eta sindikatu indartsuak, industria lehiakorra eta kooperatiba kementsuak dituelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea