Politika -

Nafarroari buruzko eztabaida

Navarra Sumak bere "eredu arrakastatsua" aldarrikatu du, eta gainerako taldeek baztertu egin dute

Koalizio erregionalista bakarrik geratu da aurkeztutako bost ebazpen proposamenen defentsan. Nafarroako erkidegoaren egoerari buruzko eztabaidaren bigarren saioa da gaurkoa.

Esparzaren hitzetan, "bi eredu" daude Nafarroan. Argazkia: Nafarroako Parlamentua
Esparza, bere agerraldiaren une batean.
Esparzaren hitzetan, "bi eredu" daude Nafarroan. Argazkia: Nafarroako Parlamentua

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Parlamentuan Erkidegoaren egoerari buruzko eztabaidaren bigarren saioa egiten ari dira gaur, eta talde parlamentarioek aurkeztutako ebazpen proposamenak (21, guztira) eztabaidatu eta bozkatuko dituzte. Saioa Navarra Sumak (NA+) aurkeztutako bost proposamenekin abiatu dute. Eskumako koalizioak fiskalitatea, zerbitzu publikoak, azpiegitura estrategikoak, tokiko erakundeak eta enplegua izan ditu ardatz bere ebazpenetan, eta aurretik zegoen "eredu arrakastatsura" bueltatzea proposatu du. Gainerako taldeek kontra bozkatu dute.

Javier Esparza Navarra Sumaren bozeramaileak salatu duenez, Nafarroan "bi gizarte eredu daude: bost alderdik (PSN, Geroa Bai, Podemos, I-E eta EH Bildu) ordezkatzen dutena eta Navarra Sumarena". Horren ildoan, PSNk koalizioa abertzalearekin bat egin izana kritikatu du: "Duela bi urtera arte sozialistek gure eredua partekatzen zuten; Navarra Suma ez da aldatu, eredu arrakastatsua baita".

Horren harian, besteak beste, honakoak proposatu ditu Esparzak: fiskalitatean, sozietateen gaineko zerga jaistea; hezkuntzan, "euskararen gutxieneko ezagutza derrigortzen jarraitzeari uztea", eta azpiegituretan, N-121-A errepidea autobide bihurtzea.

Eskumako koalizioa bakarrik geratu da, eta, aldeko 20 botorekin eta kontrako 30ekin, Parlamentuak atzera bota ditu ebazpenak. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta I-E alderdien ustez, Navarra Sumaren estrategia da baztertua izateko moduko puntu bat sartzea bere ebazpenetan, Ganberan "bakarrik" dagoela agerian uzteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSN Geroa Bai I-E Nafarroa Alderdi politikoak EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Nafarroako Parlamentua Podemos Ahal Dugu Nafarroa Navarra Suma María Chivite