Politika -
Jaurlaritzak eta Eudelek
Euskadiko herrietatik frankismoaren ikurrak ezabatuko dituzte
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gogoratu duenez, Eusko Legebiltzarrak onartutako ekimen batek herrietatik frankismoaren ikurrak kentzeko eskatu zion Gobernuari.
Erredakzioa
EAEko herrietatik frankismoaren azken sinboloak kentzeko batzordea sortuko dute Eusko Jaurlaritzak eta Eudelek.
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gogoratu duenez, Eusko Legebiltzarrak onartutako ekimen batek herrietatik frankismoaren ikurrak kentzeko eskatu zion Gobernuari.
Helburu hori betetzeko, sinbolo horien "katalogo" bat egiteko exijitu zion Legebiltzarrak Jaurlaritzari.
Ekimena iazko otsailean aurkeztu zuten. EAJk, PSEk eta Aralarrek aurkeztuta, talde guztiek onartu egin zuten.
Mendiak gaur azaldu duenez, EAEko herri gehienen inguruko datuak jaso ditu Giza Eskubideen zuzendaritzak txosten berezi batean.
Frankismo garaian Etxebizitza Ministerioak jarri zituen plakak dira kendu gabe dauden sinbolo gehienak. Horrez gain, hilerrietan ere hainbat ikur geratzen dira, Jaurlaritzaren arabera.