Politika -

Auzitegi Nazionala

Iñaki Bengoa absolbitu egin dute urte eta erdi preso egon ostean

Fiskaltzak 10 urteko kartzela-zigorra eskatzen zuen tresna sukoiak edukitzeagatik eta kalte terroristak egiteagatik. Bilbon autobus bat erretzea leporatzen zioten.

Murillo epailea eta Bengoa, epaiketaren saio batean. Argazkia: Efe
Murillo epailea eta Bengoa, epaiketaren saio batean.
Murillo epailea eta Bengoa, epaiketaren saio batean. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak absolbitu egin du Iñaki Bengoa bilbotarra, 2002an Bilbon autobus bat erretzea leporatuta epaitu eta auzi horrengatik urte eta erdi kartzelan eduki duten gaztea. Fiskaltzak 10 urte eta 9 hilabeteko kartzela-zigorra eskatzen zuen Bengoaren kontra tresna sukoiak edukitzeagatik eta kalte terroristak egiteagatik.

Ertzaintzak arrasto genetikoak aurkitu zituen autobusa erre zuten lekuan, Buia auzoan, eta Aitor Fernandez Terceñorenak eta Unai eta Naiara Mallabiarenak zirela frogatu eta zazpi urte eta bederatzi hilabeteko kartzela-zigorrak jarri zizkieten 2005ean.

Ebazpenean agertzen denez, beste arrasto batzuk ere aurkitu zituzten, baina ez zekiten norenak ziren 2010 arte. Orduan, Ertzaintzak Bengoak lurrera bota zuen zigarro bat hartu zuen DNA frogak egiteko eta arrasto ezezaguna berea zela baieztatu zuten.

Baina auzipetuak epaiketan azaldu zuenez, Naiara Mallabiarekin lan egiten zuen enpresan tresnak eta arropak elkar trukatzen zituzten eta horregatik agertu ziren bere arrastoak erasoa gertatu zen lekuan.

Bengoa 2010eko azaroan atxilotu zuten eta etxearen miaketan sei petardo aurkitu zituzten, baina epaitegiarentzat hori ez da nahikoa, izan ere, erasoa gertatu eta "zortzi urte eta bederatzi hilabetera" aurkitu dituzte, eta erasoarekin lotzea "behartuegia" izango litzateke.

Era berean, "arrazoiaren ikuspuntutik ez da neurrizkoa" aurkitutako ETAren eta Askatasunaren aldeko pegatina batzuengatik zigortzea, izan ere, "pentsaera jakin baten zantzuak dira, baina ez dute egiaztatzen objektiboki" erasoan parte hartu izana.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea