Politika -
Ziburun atxilotuta
Aske utzi dute Manu Azkarate ETAko preso ohia
Asteazken honetan atxilotu dute, Lapurdiko bere etxean. 1992an baldintzapeko askatasuna ezarri zioten, gaixotasun sendaezina duelako. Egun Ziburu dauka bizilekua eta bizimodu publikoa egiten du.
Erredakzioa
Manu Azkarate Ramos ETAko preso ohi aske utzi dute, kautelazko neurriekin. Frantziako Poliziak asteazken honetan atxilotu du Ziburun (Lapurdi), bere etxean, eta atxiloketaren unean (10:30) ez zeraman armarik. Azkarateren atxiloketan Baionako Polizia judizialak eta Espainiako Poliziaren Informazio Komisaria Nagusiak hartu dute parte.
Barne Ministerioak jakitera eman duenez, Azkarate atxilotzeko eta entregatzeko agindua emana zuen Espainiak.
Azkarate 1986an atxilotu zuten, besteak beste, Alberto Aznar teniente koronela hiltzea eta Galdakaon konboi militar baten aurka ETAk egindako atentatu batean parte hartzea leporatuta; eraso horretan Jjuan Eriquez Criado eta Francisco Javier Fernandez militarrak eta Manuel Asensio Pereda herritarra hil ziren. Azkarateri 51 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten talde armatuko kidea izatea, legez kanpoko atxikitzea eta hainbat atentatu egitea egotzita.
1992ko abenduan baldintzapean aske utzi zuten gaixotasun sendaezina antzeman ziotelako. 2004ko urtarrilean baliogabe utzi zuten erabaki hori eta Azkarate atxilotzeko eta espetxeratzeko agindua eman zuten. Nolanahi ere, bere osasun egoera dela eta, urte horretako apirilean libre utzi zuten berriro, aldian-aldian komisaria batera sinatzera joateko baldintzarekin.
Barne Ministerioaren arabera, duela hilabete batzuk baldintza hori urratu zuen. Azkarate Ziburun bizi da, bertan lan egiten du eta bizimodu publikoa darama.