Politika -
Parisko Zigor Auzitegia
Frantziak Egoitz Urrutikoetxea zigortu du "ETArekin loturak izateagatik", baina ez du espetxeratuko
Bi urteko kartzela-zigorra ezarri dio, baina espetxealdia betetzetik salbuetsita egongo da. Gainera, urtebeteko proba epea izango du lan egiteko edo ikasteko.
Agentziak | EiTB Media
Egoitz Urrutikoetxea, Josu Ternera ETAko buruzagi historikoaren semea, zigortu dute Parisen. Konkretuki, bi urteko espetxe-zigorra ezarri diote 2003 eta 2005 artean "ETArekin loturak izateagatik", baina ez da kartzelan sartu beharko.
Parisko Zigor Auzitegiak bi urteko kartzela-zigorra ezarri dio, baina espetxealdia betetzetik salbuetsita egongo da. Gainera, urtebeteko proba epea izango du, eta betebehar batzuk ezarriko dizkiote, konkretuki, lan egitea edo ikastea.
Sententziaren irakurketan epaileak zehaztu duenez, akusazioaren epean, 2003ko urtarriletik 2005eko maiatzera, ETAko kidea izan zela esateko frogarik ez dago, baina bai "erakundeko kide garrantzitsuekin harremanak" izan zituela ebazteko, aparatu militarreko kideekin bereziki.
Horregatik, helburu terroristekin gaizkile elkarteko kide izateagatik zigortzeko nahikoa dela erabaki du auzitegiak; izan ere, ekintza terroristaren "berri zuen" garai hartan; beraz, "borondatez eta kontziente" kide izan zen.
Fiskaltzak lau urteko espetxe-zigorra eskatu zuen, betetzetik salbuetsita egonda ere, urriaren 8an egindako epaiketan. Gertakari zaharrak izanagatik ez espetxeratzeko erabakia justifikatu zuen auzitegiak.
Urrutikoetxea ez da epaiarekin pozik agertu. Helegitea aurkezteko eta prozesua errepikatzea eskatzeko hamar egun ditu. "Zentzugabekeria bat da", adierazi du kazetarien aurrean.
Egoitz Urrutikoetxea (1975ean jaioa), Lexantzuko (Zuberoa) zinegotzia eta Euskal Hirigune Elkargoko kontseilaria da. Urrutikoetxeak errepikatu duenez, auzitegiak ETAko kidea ez dela onartzea, baina helburu terroristekin gaizkile elkarteko kide bezala zigortzea "ez du zentzurik".
Otsailaren 17an eta 18an Parisko Zigor Auzitegiaren aurrean agertuko beharko da berriro beste auzi batengatik.