Itxi

2021/11/24

21:51

Politika

Elkarrizketa

Hauteskundeak aurreratu daitezkeela eta Yolanda Diaz presidente izan daitekeela uste du Ivan Redondok

GAIZKA PALACIOS AGIRRE | EITB MEDIA

Bestalde, Pedro Sanchezen aholkulari politiko ohiak adierazi du EAJ dela Espainiako koalizio-gobernuaren "bazkide nagusia". Halaber, euskal gizartearen baitan EH Bildu "indarra hartzen" ari dela azpimarratu du.

  • Ivan Redondo aholkulari politikoa ETB2ko '12 minutu' saioan.

    Ivan Redondo aholkulari politikoa ETB2ko '12 minutu' saioan.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Ivan Redondo Pedro Sanchezen Gobernuko Presidentzia Kabineteko zuzendari ohiak (2018-2021) uste du Espainiako Estatuan hauteskunde orokorrak aurreratu daitezkeela eta Yolanda Diaz Unidas Podemoseko ministroak presidente bilakatzeko aukera izango duela.

ETB2ko '12 minutu' saioan egindako elkarrizketan, Redondok esan du ezin daitekeela baztertu hauteskundeak aurreratzea, datorren urteko ziklo elektoralak eta ondoren etorriko diren udal hauteskundeek "Gobernuaren egonkortasunean eragina" izango dutela iritzita.

"Datorren urteko ziklo elektorala lehergaia izango da. Nik uste dut hauteskundeak aurreratuko dituztela Andaluzian. Eta litekeena da Gaztela eta Leonen gauza bera gertatzea. Ximo Puigek Valentziako hauteskunde autonomikoak lehenago deitzea edo itxarotea erabaki beharko du. Eta horren ondotik udal hauteskundeak iritsiko dira. Eta testuinguru horrek edozein gobernuren egonkortasunari eragiten dio", azaldu du aholkulari politiko donostiarrak.

Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko lehen emakume presidentea izan daitekeen galdetuta, Redondok adierazi du "benetako aukera" duela horretarako eta CIS ikerketaren azken datuak aipatu ditu argudio gisa.

"Yolanda Diaz presidente bilakatzeko balizko aukerarekin, Unidas Podemosek botoen % 6,9 kentzen dizkio egun PSOEri, eta portzentaje hori % 2,5ekoa zen duela hilabete. Hau da, lau astetan 468.000 boto pasatu dira PSOEtik Unidas Podemosera; eta PSOEk 133.000 boto kendu dizkio Unidas Podemosi. Hori da lehen sintoma", azpimarratu du.

Halaber, Redondok nabarmendu du "bozkatzera joaten diren langileen % 29k nahi dutela Yolanda Diaz presidente izatea", eta Pedro Sanchezen babesa % 21ekoa dela kolektibo horretan.

Areago, "Yolanda Diaz presidente izan dadin botoa aldatzeko prest egongo ote ziren galdetuta, % 15ek baietz erantzun dute. Gainera, pertsona horien artean 45 urtetik beherako asko daude eta hauteskunde erroldaren % 42 adin tarte horretakoak dira", erantsi du.

Horrez gain, Pablo Casado PPko buruzagiak ere presidente izateko aukerak badituela esan du, "baina horretarako Voxekin gobernatu beharko du".

EAJri eta EH Bilduri buruz

Bestalde, Redondok Euskal Herriko politikagintza ere izan du hizpide, eta Espainiako Gobernuaren bazkide nagusia EAJ dela adierazi du.

"Koalizio Gobernuaren lehentasunezko bazkidea EAJ da, eta Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua elkarlanean arituko dira, gutxienez udal hauteskundeak iritsi arte", gaineratu du.

Hala ere, EH Bildu "eraberritu" egin dela eta goraka doala azpimarratu du. "Indarra hartzen ari da euskal gizartearen baitan, eta EAJ horretaz oso ondo jabetu da", esan du.

PSE-EEk Eneko Andueza idazkari nagusi izendatu izana "mugimendu ona" izan dela iritzi dio, baina sozialistak "kalera" atera behar direla erantsi du.  

Amaitzeko, Redondok uste du aurrerantzean alderdi politikoetatik kanpoko herri-hautagaitzak agertzen hasi daitezkeela Euskal Herrian. "Fenomeno hori ez da azken urteotan eman, baina uste dut laster sortu daitezkeela", adierazi du.

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;