Politika -
Hauteskunde-kanpaina
Sarkozy kazetari batekin haserretu da telebistan
Frantziako presidenteari ez zaio gustatu ustez Gadafik emandako laguntza batzuen inguruan galdetzea eta hauxe erantzun dio kazetariari: "Ez dut gustuko zu Gadafiren semearen bozeramaile izatea".
Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak gezurtatu egin du Muamar Gadafi Libiako buruzagi ohiaren diru-laguntzak jaso zituela 2007ko hauteskunde-kanpaina finantzatzeko.
Gadafiren semeetako batek informazio horiek baieztatu omen ditu eta TF1en egin dioten elkarrizketa batean horri buruz galdetu diotenean, Frantziako presidenteak, haserre, hauxe erantzun dio kazetariari: “Zinez, ez dut gustuko zu Gadafiren bozeramaile izatea”.
Era berean, presidenteak sinesgarritasuna kendu nahi izan die Saif al Islamen hitzei, izan ere, ezaguna omen da “edozer esaten duelako”.
Mediapart webguneak zabaldu zuen Gadafik Sarkozyri 50 milioi eman zizkiola hauteskunde-kanpainarako. 2002an Karachin hil ziren hamaika frantziarren ikerketan atzemandako agiri batzuetatik atera omen du informazioa.
“Oso esker txarrekoa nintzateke finantzatu izan balit”, adierazi du Sarkozyk elkarrizketan, Frantziak Gadafiren erregimena deusezteko laguntza eman zuela gogorarazi aurretik.