Politika -
Baionako Adierazpena
Polo soberanista indartu egin da eta akordio estrategikoa landuko du
Ezker abertzalea, EA, Alternatiba, Aralar eta AB elkarlanean arituko dira aldaketa politikoa eta soziala lortzeko asmoz, betiere EAE, Nafarroa eta Iparraldeko erritmo ezberdinak kontuan hartuta.
Erredakzioa
Ezker abertzaleak, EAk, Alternatibak, Aralarrek eta Abertzaleen Batasunak indarrak biltzea erabaki dute eta, "Euskal Herri subiranoa lortzeko", modu iraunkorrean eta elkarrekin arituko dira lanean. Ildo horretan, "ezkerreko independentisten eta soberanisten arteko Akordio Estrategiko Nazionala" adostuko dutela iragarri dute.
Bost indar politikoen esanetan, hitzarmen horrek "Hego Euskal Herriko eta Ipar Euskal Herriko" erritmo ezberdinak aintzat hartuko ditu. Horrez gain, Espainiako eta Frantziako gobernuek Euskal Herriarekiko duten jarrera "itxia eta menperatzailea" salatu dute.
Baionako agerraldian ondokoak izan dira: Maribi Ugarteburu eta Xabi Larralde (ezker abertzalea); Peio Urizar eta Mattin Etxepare (EA); Oskar Matute eta Josu Estarrona (Alternatiba); Rebeka Ubera eta Dani Maeztu (Aralar); eta Mertxe Colina eta Joseba Garai (Abertzaleen Batasuna).
Subiranotasuna
Indarrak biltzeko hautu estrategikoa "aniztasuna oinarri" hartuta egin dute, Euskal Herrian "eraikuntza nazionala eta eraldaketa soziala bultzatzeko" ahaleginak metatzeko asmoz. asmoz. Subiranotasunaren alde lan egingo dute, "bakean, askatasunean eta justizia sozialean oinarritutako Euskal Herria eraikitzeko".
Azken aldian Euskal Herrian eman diren "aldaketa sakonak eta zabaltzen ari den fase politiko berria" baikorki baloratu dute. "Bizi dugun abagune historikoa herri honek ezagutzen duen gatazka politikoa konpontzeko eta bere eraikuntza nazionalaren zein eraldaketa sozialaren bultzatzeko une erabakigarria dela uste dugu", adierazi dute.
Krisi ekonomikoa
Egoera ekonomikoari dagokionez, krisiak "sistema kapitalistaren izaera menperatzailea" agerian utzi duela esan dute eta, ondorioz, "erantzunaren eta jendarte eredu berrira zuzendutako alternatiba sozioekonomiko baten beharra" ezinbestekotzat jotzen dute.
Era berean, Espainiako eta Frantziako gobernuen "jarrera hertsiak" indarrean daudela gogor kritikatu dute eta adibide gisa "urraketa demokratikoak, blokatze instituzionala eta mota anitzeko errepresioa" aipatu dituzte.
Erabakitzeko eskubidea
Gauzak horrela, Euskal Herriari "subjektu politikoaren izaera" aitortzea inoiz baino beharrezkoagoa dela iritzi diote. Euskal gizarteak bere etorkizun politikoa, ekonomikoa eta soziala "libreki" aukeratzeko bermeak ezartzeko lan egingo dute, betiere "lurralde bakoitzeko erritmo ezberdinak" kontuan izanda.
Bestalde, hizkuntza eskubideetaz ere hitz egin dute arestian aipatutako bost indar politikoek eta euskara "Euskal Herri osoan aitortu" behar dela aldarrikatu eta "lurralde guztietan nahiz esparru guztietan" erabiltzeko eskubidea defendatu dute.
Alderdien arteko desadostasunak
Honen guztiaren ondorioz, azken urteotako "desadostasunak eta zatiketak" gainditzeko unea eta "ezkerreko independentisten eta soberanisten arteko indar metaketa iraunkorra sortzeko" unea heldu dela iritzi diote.
Horregatik, "adierazpen hau izenpetzen dugunok modu iraunkor eta sakonean elkarlanerako engaiamendua hartzen dugu, Euskal Herriak bizi dituen ahal bezainbat problematikari aho batez erantzun ahal izateko", azaldu dute.
Bide horretan, polo soberanistaren helburua "epe laburrean aldaketa politiko eta sozialerako ezkerreko independentisten eta soberanisten arteko akordio estrategiko nazionala landu eta adostea" izango da. "Euskal Herri mailako akordio horrek Hego nahiz Iparraldeari egokituriko erritmo, molde eta eduki zehatzak izango ditu", zehaztu dute.