Politika -

Erreferenduma

Kaledonia Berriak Frantzian jarraitzea aukeratu du, % 43ko partehartzearekin eta independentisten boikotarekin

% 96,49k independentziaren aurka bozkatu du. Independentistek bozketa atzeratzea eskatu zuten pandemiagatik, eta gustura agertu dira ez partehartzeko deiak izandako arrakastagatik.

Kaledonia Berria. Argazkia: AFP
Kaledonia Berria. Argazkia: AFP
Kaledonia Berria. Argazkia: AFP

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kaledonia Berriaren deskolonizaziorako hirugarren eta printzipioz azken erreferendumean independentziaren aurkakoak gailendu dira alde handiarekin, baina partehartzea oso txikia izan da, independentistek boikota egiteko deia egin baitzuten.

% 96,49k Frantziako Estatuan jarraitzearen alde bozkatu du, baina 180.000 biztanleko erroldatik, % 43,9k soilik parte hartu du bozketan.

Independentistek eta "loialistek" garaipen sentsazioa izateko arrazoiak aurkitu dituzte.

Ozeano Bareko artxipelagoko herritar autoktonoak dira, bereziki, independentistak, eta mobilizaziorako gaitasuna agertu dute, partehartzeak behea jotzea lortu dutelako. Izan ere, Frantziako Gobernuari bozketa atzeratzea eskatu zioten pandemia dela eta, eta uko egin zionean, boikoterako deia egin zuten.

Kontsultaren emaitza ez zutela onartuko aurreratu zuten, eta partehartzearen beherakadarekin agerian geratu da duten babes zabala.

Zatiketa

Frantziako Estatuan jarraitzearen aldekoen artean, gehienak kolono frantziarrak dira, Noumea hiriburuan bizi direnak eta bizi kalitate altua dutenak. Horiek erreferendumaren emaitzari eusten diote, etorkizunean artxipelagoaren erakunde egitura osatzeko pausoak zentzu horretan eman daitezen, hau da, Frantziako Estatuaren barruan.

Frantziako Gobernuak neutraltasuna erakutsi nahi izan du, baina argi geratu zaio Kaledonia Berriko herritarrak oso zatituta daudela.

Independentisten gorakada

Independentistek geroz eta babes handiagoa pilatu dute azken urteotan. 2018an "loialistek" botoen % 56,67 lortu zuten, baina % 53,26ra jaitsi ziren bi urte geroago. 10.000 botoko aldea izan zen independentisten eta "loialisten" artean % 80ko partehartzearekin.

Frantziatik alde egitearen aldeko alderdiek herrialdeko hiru probintziatako bi dituzte kontrolpean; 33 udaletatik 18, Kongresua eta Gobernua, segurtasuna, defentsa, justizia eta atzerri gaien kudeaketa izan ezik beste guztiaren ardura duena.

Independentistek uste dute autodeterminaziorako bideak aurrera jarraitu behar duela, eta horretarako, kontsultak eskatu dituzte Parisekin, nahiz eta nahiago duten Frantziako hauteskundeak pasatu arte itxaron negoziatzen hasteko.

Macron, gustura

Emmanuel Macron egungo presidentea, eta inkesten arabera faborito ere badena, gustura agertu da Kaledonia Berriak Frantzian jarraitzea erabaki duelako, baina aitortu du irtenbideren bat eman behar zaiola independentziaren alde daudenen haserreari.

Datozen urteetarako lehentasunen artean desberdintasunak murriztea, artxipelagoko ekonomia hobetzea (nikelaren oso mendekoa), "natura errespetatzen duen" hazkunde eredua sortzea, emakumeen egoera hobetzea eta Kaledonia Berria eskualdeko "tentsio handietatik" ateratzea aipatu ditu Macronek.

Baina Frantziako Gobernuak badaki autodeterminazioaren bideak ez duela itzulerarik eta, horregatik, Kaledonia Berria Nazio Batuen Erakundearen deskolonizatu beharreko herrialdeen zerrendatik ez ateratzea erabaki du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Munduko albisteak Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Emmanuel Macron Frantziako Gobernua