Politika -
Lehendakariari abisua
Basagoiti: 'ETAren amaierako politikaren erabakia Gobernuarena da'
"Azken aldian" euskal sozialistetik urruntzen ari direla onartu du Basagoitik, euren politikak "Batasunaren jarrera indartzeko zerbitzuan daudelako".
Erredakzioa
Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak Patxi Lopezi ohartarazi dio ETAren politikaren amaiera "Espainiako Gobernuak erabakitzen" duela, "gehiengo absolutua duelako eta beti ETAren amaierarako errezetak jarri dituen alderdia delako".
Gainera, PPk " eserleku asko lortzen ez baditu", EAJk hauteskundeen hurrengo egunean "Batasunari begiratuko" diola nabarmendu du.
"Terrorismoaren amaierako politika Espainiako Gobernuak zehazten du, ez Alderdi Sozialistak, ez Lopezi bururatzen zaion bizikidetzarako ordezkari batek, ezta ohiko Rufi Etxeberria batek ere", esan du Basagoitik.
Zauriak ixteko erarik onena "autokritika egitea eta atentatu guztiak kondenatzea" dela gaineratu du.
Honen harira, eta presoen birgizarteratzea aipatuz, Jesus Loza bizikidetzarako ordezkariak "uste duena esango du, baina erabakitzen duena Gobernua da", azpimarratu du.
Lehendakariaren proposamenak "kontutan hartu" beharko direla uste du, "baina berak ez du espetxe politika erabakitzen, ez Estatuko segurtasun indarren lana, ezta Gobernuaren jarduera ere".
Azken aldian euskal sozialistetik "urruntzen" ari direla onartu du EAEko PPko presidenteak, "Batasunaren jarrera indartzeko zerbitzuan daudelako".
Presoen inguruan, "legediarekin bat egin beharko dute", zehaztu du. "Birgizarteratzea euren esku dago, damutzen badira eta Justiziarekin bat egiten badute; horregatik presoengatik gehien egin dezakeena ETA bera da, behin betiko desagertuz eta presoak damutzea utziz".