Politika -
Manifestazioa Bilbon
'Giza eskubide oinarrizkoenekiko' errespetua eskatu du Herrirak
Txus Martinen eta gaixo dauden ETAko beste 14 presoen egoerak "berehalako irtenbideak" behar dituela esan dute.
Erredakzioa
Manifestazioa egin dute Bilbon Txus Martinen eta ETAko beste 14 presoen askatasuna eskatzeko, izan ere, Herrirak salatu duenez, "gaixotasun larriak dituzte eta berehalako irtenbideak behar dituzte".
Bilboko Moyua plazan 24 orduz kontzentrazioa egin ostean, Herrira mugimenduko kideak Arabako Zaballako espetxean dagoen Txus Martin presoa "berehala aske uztea" exijitu dute, hala nola, 'giza eskubide oinarrizkoenekiko' errespetua. "Egoerak berehalako irtenbideak behar ditu, 15 presok gaixotasun larriak dituztelako, eta lehenbailehen aske gelditu behar direlako. Giza eskubideak urratzen dituen egoeraz hitz egiten ari gara, euskal gizartearen gehiengoaren nahiaren aurkakokoa", esan dute.
Egoera honek "15 preso politikoren bizitza arriskuan jartzen du", eta giza eskubideekiko eskubidea gailendu behar dela adierazi dute, "beste eztabaidekin nahastu gabe".
Honen harira, egoera mantentzeak soilik "sufrimendua eta tragedia" ekar dezakeela esan dute.
Azkenik, Martin "gehiago gaixotu" dela aipatu dute, "presioaren eta xantaiaren bitartez, presoen partetik helburu politikoak lortzeko Espainiako eta Frantziako agintarien obsesioagatik; indarkeria erabiliz". Gainera, Martini "Langraiz bidea deritzotenera indarkeriaren bitartez bultzarazi nahi izan diotela" salatu dute.