Politika -
Gardentasunaren Legea
Goi kargudunek 'adeitasunezko' opariak bakarrik onartu ahalko dituzte
Grebetan oinarrizko zerbitzuak ez betetzea arau-hauste oso larria izango da. Datozen 15 egunetan herritarrek ekarpenak egin ahalko dizkiote legeari, leydetransparencia.gob.es webgunean.
Erredakzioa
Etorkizunean Gardentasunaren Legearen menpe egongo diren goi kargudunek ezin izango dituzte ''ohiko gizarte erabilerak eta adeitasuna gainditzen dituzten opariak eta bere funtzioei eragin diezaieketen mesede edo zerbitzuak onartu''.
Era berean, maila ekonomikoan edo aurrekontuen esparruan arauak hausten badituzte, ''behar ez bezala jasotako diru horri berriz itzuli'' beharko dute, eta Ogasunari kalte-ordainak ordaindu ere.
Oinarri etikoekin batera, arau-hausteen zerrenda biltzen du legeak, besteak beste diru-publikoaren ''bidegabeko erabiltzea'', ''kreditu nahikorik gabe gastuak eta ordainketak onartzea'' eta ''justikaziorik gabeko dirulaguntzak'' onartzea.
Gobernuak martxan jarri nahi duen Gardentasunaren Lege berri horren arabera, gainera, arau-hauste oso larria izango da grebetan oinarrizko zerbitzuak ez betetzea. Era berean, zigorra jaso ahalko dute askatasun publikoak eta eskubide sindikalak oztopatzen baldin badituzte, edo greba eskubidea murrizteko helburua duten jarduerak aurrera eramaten badituzte.
Egin ez den betebeharra BOEn argitaratzea, kargutik kentzea, kargu publikoari dagokion kalte-ordain pentsioa ez jasotzea eta bost eta hamar urte arteko gaitasungabetzea izan daitezke zigorrak.
Arau hauek Gobernuko kideei, Estatu idazkariei, Estatu Administrazio Zentraleko goi kargudunei, Estatuko sektore publikoko erakundeetako langileei, eta erkidegoetako zein udaletxeetako goi kargudunei eragingo diete.
Gardentasun Legearen aurreproiektua leydetransparencia.gob.es webgunean plazaratu du Gobernuak, eta herritarrek ekarpenak egin ahal izango dizkiote datozen 15 egunetan.