Itxi

Politika

EUSKADI IRRATIA

Mertxe Aizpurua, lan erreformari buruz: "Gure posizioa ez da ezezkoan egotea, baizik eta lege hau hobetzea"

Onintza Aiestaran | EITB Media

Mertxe Aizpuruak, EH Bilduk Madrilgo Diputatuen Kongresuan duen ordezkariak, nabarmendu du lan erreforma hau langileen aldekoa izateko aldatu egin behar dela. "Hainbat baldintza jarri genituen mahai gainean, eta, dagoen bezala, ezetz bozkatuko dugu", azpimarratu du.

  • Mertxe Aizpurua

    Mertxe Aizpurua, Euskadi Irratian. Argazkia: Euskadi Irratia

    23:27 min
imagen player
imagen player
imagen player

Mertxe Aizpuruak, EH Bilduk Madrilgo Diputatuen Kongresuan duen ordezkariak, nabarmendu du lan erreforma hau langileen aldekoa izateko aldatu egin behar dela. Orain dagoen bezala mantentzen bada, ezetz bozkatuko du EH Bilduk, baina, Mertxe Aizpuruaren esanetan, koalizioaren posizioa ez da ezezkoan egotea, baizik eta lan erreforma hobetzea. "Hainbat baldintza jarri genituen mahai gainean, eta, dagoen bezala, ezetz bozkatuko dugu", azpimarratu du Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan.

Azaldu duenez, EH Bilduk lau baldintza jarri zituen mahai gainean, eta horiek "minimoak" edo gutxienekoak dira. Horrez gain, aldaketak legean sartuta egotea omen da koalizio abertzalearen beste baldintzetako bat.

Espainiako Gobernuak, patronalak eta UGT eta CCOO sindikatuek adostutako lan erreformak "hobekuntza txiki batzuk izan ditu, baina hainbat eta hainbat gauza gelditzen dira hobetzeko", adierazi du. "Akordio hori mantendu nahi da kosta ahala kosta. Galdera da: Nork agintzen du hemen? Zertarako dago Parlamentua?", gehitu du.

EAJk egindako eskakizunekin alderatuta aldea badagoela eta EH Bilduk gehiago eskatzen duela ere azaldu du Mertxe Aizpuruak.

Dena dela, denbora badagoela eta Diputatuen Kongresuan lan erreforma "hobeago" baten alde egingo lukeen gehiengoa badagoela uste du.

Ukrainako krisiari buruz ere mintzatu da EH Bilduren diputatua. Espainiako Gobernuak gerraontziak eta ehiza-hegazkinak bidaltzeko hartutako erabakia "deitoragarria" ez ezik, "izugarrizko akatsa" dela uste du Mertxe Aizpuruak. Horren ustez, ahalegin diplomatikoak egiteko garaia da orain, "hori da bidea". Halaber, gogor mintzatu da Espainiako Gobernuaren erabakiaren aurka: "Margarita Roblesek (Defentsa ministroa) hartutako erabakia ez da arduraren erabakirik onena; larria da, eta gerra baten atarian jartzen gaitu".

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena