Politika -
Botazio berria
ABBak Xabier Agirreren aldeko exekutiba hautatu du
Iñaki Gerenabarrena aurreko presidentearen aldekoak ez daude batere ados botazioa errepikatzeko erabakiarekin eta ohiko justiziara jotzea pentsatzen ari dira.
Erredakzioa
Xabier Agirre Arabako EAJko presidenteak bere aldeko zuzendaritza lortu du larunbat honetan errepikatutako botazioan, 14 postuetatik 13 lortuta.
Iñaki Gerenabarrena aurreko presidentearen aldekoek lehenengo botazioaren zilegitasuna defendatu dute. Botazio hartan 14 postuetatik 9 Gerenabarrenaren aldekoek lortu zituzten. Talde horrek botazioa errepikatzeko erabakiaren kontrako errekurtsoa aurkeztu du. EAJren auzitegiaren arabera, ahaldun batzuek haien erakundeen aginduei entzungor eginda bozkatu zuten.
Gaurko botazioaren ondorioz, Araba Buru Batzarreko zuzendaritza berria kolore bakarrekoa da. EAJko iturriek diotenez, ateratako emaitza aurreko bozkaketan atera behar zuenaren oso antzekoa da, ahaldun batzuek euren botoa aldatu ez balute.
Gauza horrela, burukide bakarra da Gerenabarrenaren aldekoa, baina litekeena da kargua uztea.
Hori izan da Gerenabarrenaren aldekoek botazioan izan duten jarrera, EAJren Auzitegiak botazioak errepikatzeko erabakia ezagututa. Batzuk Asanblea bera utzi dute.
Exekutiba "kutsatuta"
Radio Euskadik jakindakoaren arabera, Gerenabarrenaren aldekoek ez dute "kutsatutako" exekutiba batean parte hartu nahi.
Iragan asteburuan egindako botazioa legezkoa izan zela defendatzen dute, eta jarritako helegiteei kasurik ez dietela egin gaineratu dute. Alderdiaren organoetara berriro joko dutela iragarri dute, eta ez dute baztertu ohiko justiziara ere jotzea.
Exekutiba berria
Zuzendaritza berriaren kideak ondorengoak dira: Claudio Rodriguez, Beatriz Artolazabal, Maixabel Azpillaga, Juan Carlos Andikana, Roman Berriozabal, Jon Uriarte, Jose Antonio Suso, Borja Ormaetxea, Goyo Garrido, Idoia Goiri, Irune Muguruza, Javier Losa eta Gorka Iturriaga, guztiak Agirreren aldekoak.