Politika -
Igandean
Autodeterminazioa eta bakea izango dira Aberri Eguneko protagonistak
EAJk tradizioari eutsiko dio eta Aberri Eguna Bilbon ospatuko du. Ezker abertzaleak, Amaiurrek eta Aralarrek bat egingo dute Independentistak Sareak Iruñan egingo duen ospakizunarekin.
Erredakzioa
Nazio legez erabakitzeko aukera izatea eta ETAren indarkeriaren amaiera izango dira 2012ko Aberri Eguneko protagonistak. Uste horretan bat egin dute Joseba Egibar EAJko GBBko presidenteak eta Udalbiltzak.
Zenbait hedabidek Aberri Eguna sakabanatuta ospatuko dela azpimarratuko dutela esan du Egibarrek, euskara hutsean egindako adierazpenetan.
Jeltzalearen iritziz, titular horien bitartez egun horretan euskal nazioa existitzen dela uste duten guztiak bilduko direla ezkutatu nahi dute.
"Gure nazioa eraikitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu", "bide politikoak eta demokratikoak erabiliz", azpimarratu du Egibarrek, hori baita, bere hitzetan, EAJk azken urteetan defendatu duena.
Udalbiltza
Udalbiltza Euskal Herriko Udal eta Hautetsien Batzarrak ere autodeterminazio eskubidea aldarrikatuko du Aberri Egunean; "Herri" bat, "Nazio" bat bezala erabakitzeko eskubidea. Era berean, "bakea eta elkarbizitza" sendotzeko beharra azpimarratu dute.
Hala ere, Udalbiltzako arduradunen hitzetan, "bakea ekintza armatuen etena baino gehiago da", eta horregatik "oinarri sendoekin" indartu beharra dago. Horretarako ezinbestekoa ikusten dute "benetako adiskidetze soziala".
EAJ, Bilbon
Ohikoa denez, EAJk Bilbon ospatuko du Aberri Eguna, aurten 'Euskadi bizia, más nación' lelopean.
Ospakizuna Plaza Berrian egingo dute, eta 11:30etan Iñigo Urkullu EAJko presidenteak hitz egingo du ekitaldi politikoan. Urkulluk "bakeak eta askatasunak" sortutako testuinguru berria nabarmenduko du, Aberri Eguna 1932an sortu zenetik lehen aldiz ospatuko baita ETAren indarkeriarik gabe. Independentistak, Iruñean
Independentistak Sareak Iruñean ospatuko du Aberri Eguna, eta ospakizun horrekin bat egingo dute Amaiurrek, ezker abertzaleak, eta Aralarrek, baita Abertzaleen Batasunak (AB) ere.
Golem zineetatik martxa aterako da 12:00etan eta 13:00etan bukatuko da Sarasate pasealekuan egingo duten ekitaldi politikoarekin. Ondoren Trinitarioen gunean hainbat ekitaldi egingo dituzte. Zehatz-mehatz, 14:00etan herri bazkaria egingo da eta 20:00etan 'Gazteok ere #independentzia' topagunea egingo dute.
Kontzertuak 20:30etan hasiko dira, 'Itziarren Semeak', 'Gose', 'Hesian' eta 'Los Zopilotes Txirriaus' taldeekin.