Politika -

ekitaldia

ETAren biktimak gogoratu dituzte Iruñean

ETAren Biktimen Oroimenerako Eguna dela eta egindako ekitaldi batean, lortutako akordioei buruzko azalpenak eskatu dizkiete "terroristak babesten" dituztenei.

ETAren biktimei omenaldia, Iruñean. Argazkia: Europa Press
ETAren biktimei omenaldia, Iruñean. Argazkia: Europa Press
ETAren biktimei omenaldia, Iruñean. Argazkia: Europa Press

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñean, ETAren biktimen oroimenerako ekitaldia antolatu dute zenbait elkartek igande honetan, eta arduradun politikoei eskatu diete azaltzeko "terroristen aldeko alderdi horiekin egindako akordioak, eta zergatik edo zeren trukean egin dituzten".

Nafarroako askotariko kolektiboek deitu dute ekitaldia, ETAren Biktimen Oroimenerako Eguna dela eta. Hiriburuko Konstituzio Plazan dagoen terrorismoaren biktimen omenezko oroitarriaren aurrean elkartu dira, eta tokiko agintari dezente ere bertaratu dira.

Lore-eskaintza batekin abiatu da omenaldia, Bonifacio Martin eta Julian Embiden alabaren eta alargunaren eskutik. Polizia Nazionaleko kideak ziren, eta atentatu batean hil zituen ETAk 2003an, Sanguesan. Jarraian, beste zenbait pertsonak ere lore-eskaintzak egin dituzte, eta isiltasun minutu bat egin dute. Nafarroako eta Espainiako himnoek itxi dute ekitaldia. Une batzuetan, 'Gora Espainia', 'Behera ETA' edo 'Gobernu lotsagarria' bezalako leloak oihukatu dituzte.

Letizia San Martin Anvite elkarteko presidenteordeak adierazpen bat irakurri du eta, azpimarratu duenez, "egia da ez gaituztela hiltzen, baina hemen jarraitzen dugu; alde batetik biktimek eta, bestetik, borreroek eta euren proiektu politikoak".

"Horren adibide argia dira", gaineratu du, "kartzelatik atera diren presoei egiten zaizkien ongi etorriak, euren iragan terroristari uko egiten ez dieten eta euren krimenez damutzen ez diren presoei onurak, baldintza legalak bete gabe egiten dituzten presoen gerturatzeak eta ETAko buru izandakoen izendapenak, mantentzen dituzten eta Espainiako zein Nafarroako gobernuekin negoziatzen duten alderdietako buru izateko".

Zentzu horretan nabarmendu duenez, "gure politikoek azalpenak eman behar dizkigute terroristak babesten dituzten alderdi horiekin lortutako akordioen inguruan, eta zergatik edo zeren trukean egin dituzten".

"Biktimen memoria mantentzea da gure borreroen eta euren konplizeen legitimazioaren aurka borrokatzeko modurik eraginkorrena", gaineratu du, eta duintasuna, justizia eta memoria eskatuz amaitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea gaur Euskal herriak Nafarroako albisteak ETA Eguneko albisteak Eguneko albisteak Terrorismoaren Biktimen Azken Ordukoa