Politika -
Iñigo Cabacasen heriotza
Olabarria (EAJ): 'Aresek kargua aspaldi utzi behar zuen'
Olabarriaren ustez, "pilotakada jaurti zuen ertzainaren lankideek" pertsona horren izena eman beharko lukete eta "gaztearen heriotza zergatik gertatu zen azaldu".
Erredakzioa
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak kargua "aspaldi" utzi behar zuela adierazi du Emilio Olabarria EAJko legebiltzarkideak, Iñigo Cabacas gaztearen heriotza gertatu baino "askoz lehenago". Bere ustez, dimisioa ez aurkeztea "erabaki desegokia" izan da.
Olabarriaren ustez, "pilotakada jaurti zuen ertzainaren lankideek" pertsona horren izena eman beharko lukete eta "gaztearen heriotza zergatik gertatu zen azaldu".
Onda Vascari eskainitako elkarrizketan, Aresek egindako azken adierazpenak (Legebiltzarrean eta prentsaurreko batean) "oso deigarriak" egin zaizkiola nabarmendu du Olabarriak.
"Zerbait gaizki egin dutela esan dute. Bai, noski, zerbait txarto egin dute, pertsona bat hil egin delako", gaineratu du.
Gomazko pilotak debekatzea edota Ertzaintzak "hiltzeko" asmorik ez zuela esateak beste erantzukizun batzuk ez dituela bertan behera uzten esan du Olabarriak. Herrizaingo Sailan egindako kudeaketarengatik dimisioa aurkeztu beharko lukeela uste du EAJko legebiltzarkideak.