Politika -

Elkarrizketa

Iriarte: "Demokratizazio behar handia du Espainiak, eta estaturik gabeko nazioei bidea ematea da irtenbidea"

"PPn gertatzen ari dena 78ko erregimenaren krisi larri bat da. Espainiak ez du jakin demokratizatzen, eta krisi larri horren agertokia da hau guztia", esan du.

EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramaile Maddalen Iriarte
EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramaile Maddalen Iriarte
"Izugarri gogorra egiten zait abusuei buruz hitz egitea, nik ere halako egoerak jasan nituelako"

4:58

LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramaile Maddalen Iriarte izan da asteazken honetan ETB1eko 'Egun On Euskadi' saioan, eta, besteak beste, Espainian PPk duen krisi larria izan du mintzagai. Pablo Casadoren ibilbideak berea egin duen galdetuta, Iriartek nahiago izan du popularren "arrakala" horri beste irakurketa bat egin. "PPn gertatzen ari dena 78ko erregimenaren krisi larri bat da. Espainiak ez du jakin demokratizatzen, eta krisi larri horren agertokia da hau guztia", esan du.

Dena den, koalizio abertzalearen eledunaren iritziz, azpimarragarriena da Euskal Herrira begira afera horrek har dezakeen joera eta horri buruz hartuko diren erabakiak. "Zentzu horretan, PP alderdiaz ez ezik, UPNren azken mugimenduez ere hitz egin dezakegu. Badaude Euskal Herrira begira arduratzeko modukoak izan daitezkeen hainbat kontu, eta horiek dira, funtsean, kezka sortzen didatenak. Ustelkeria politikoarekin hasi zen krisia, eta berdin amaitu da, alegia, berdinean gaude. Espainiak demokratizazio behar handia dauka, eta horri erantzuna emateko, estaturik gabeko nazioei bidea ematea da konponbide bakarra", nabarmendu du.

Eskuin muturra beldurrez ikusten du Iriartek, baina badu errezeloa boto horiek batetik bestera izan dezaketen aldaketen inguruan. "Eskuin muturraren diskurtsoa izugarria da, besteak beste, autoritarioa, xenofoboa eta matxista delako. PPk jakin izan du pixka bat malgutzen, baina Gaztela eta Leonen, adibidez, Voxekin batzeko aukera zabalik dute. Beldurgarria iruditzen zait", adierazi du.

Politikak Espainian azkenaldian utzi duen agertokiari erantzuna emateko-edo, Pedro Sanchezek hauteskundeak deituko ote dituen ere galdetu diote. "Burutik pasatu ahal zaion zerbait izan daiteke. Argi izan behar du zein den panorama, hau da, ezker independentistekin soilik atera daitekeela aurrera. Horrek ataka betean jartzen du Sanchez, estaturik gabeko herriekin urratsak eman behar dituelako. Hala eta guztiz ere, berari galdetu beharko zaio hauteskundeak deitzeko asmoa duen ala ez", esan du.

EA alderdian izandako ika-mika ere izan du hizpide. Iriartek, baina, EAko bozeramaile ez den heinean, errespetuz eta zuhurtziaz hitz egin du krisi horretaz. "EH Bilduren barruan EAko kideak ez dira EAko kide gisa aurkezten, alegia, EH Bilduko kide dira, eta horretan jarraituko dute", argitu du.

Bukatzeko, Eusko Jaurlaritzarekin eta bereziki EAJrekin harremanak nola doazen ere kontatu du elkarrizketan. "Izan ditugu hurbiltze batzuk. Ordea, ez dugu oraindik bilera ofizialik egin. Zalantzarik gabe, jarraipen zorrotza egingo diogu aurrekontuekin lotuta adostutako akordioari, aldaketa batzuk ere egin behar direlako", azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika EH Bildu Bizkaia Gaurko titularrak Albisteak EH Bildu bozeramailea