Politika -
81. urteurrena
Aranak 'elkartasunean' oinarritutako III. Errepublika bat defendatu du
Eibarren izandako ekitaldietan PSE-EEk garai horretako "baloreak" aldarrikatu ditu. EB, berriz, Bilbon izan da eta bertan errepublika defendatu du "etorkizuna eta justizia soziala" suposatzen baitu.
Erredakzioa
Mikel Arana Ezker Anitza-IU alderdiko idazkari nagusiak larunbat honetan II. Errepublikaren 81. urteurrena ospatzeko Eibarren izandako ekitaldian esan duenez, III. Errepublikak "etorkizuna du". Halaber, PSE-EEk garai horretako "baloreak" aldarrikatu ditu.
Eibarko Unzaga plazan izandako ekitaldi politikoan parte hartu du Aranak. Izan ere, II. Errepublika aldarrikatu zuen lehen herrialdea izan zen Eibar (19831ko uztailaren 14ean, alegia). Euskal sozialistek, berriz, haien egoitzan ospatu dute eta bertan Miguel de los Toyosek, besteak beste, hitz egin du.
Mikel Aranak "elkartasunean eta berdintasunean" oinarritutako III. Errepublika bat defendatu du, "PPren Gobernuak ezarritako murrizketengatik kolokan geratu direlako". Halaber, PSEk eta PPk aldarrikatzen duten "eredu alternatibori ezezkoari" eta proposamen independentistei aurre egiteko, eredu federal baten alde egin du eta erabakitzeko eskubidea aitortzea eskatu du.
"Errepublika federal baten alde gaude eta independentziaren aldarrikapena onartzen dugu arrazoi historiko, kultural eta politikoengatik baina ez arrazoi ekonomikoengatik", adierazi du Aranak. Gainera, Espainiako monarkiaren "urte txarra" nabarmendu du.
Halaber, euskal sozialistek "II. Errepublikak ekarritako aurrerapenak eta baloreak" aldarrikatu dituzte, baita guztiontzako hezkuntza eta emakumezkoek botoa emateko eskubidea ere.
EBren ekitaldia Bilbon
Bestalde, Ezker Batua Berdeak alderdia Bilbon izan da larunbat honetan eta errepublika defendatu du "etorkizuna, justizia soziala eta aberastasunaren banaketa orekatua" suposatzen delako.