Politika -
Eusko Legebiltzarra
Ahotsik gabe eta botoa emateko aukera gabe, Legebiltzarrean
Akats informatiko baten ondorioz, megafonia, bozketa eta legebiltzarkideen agerraldien denbora kontrolatzeko sistemak izorratu egin dira eta gaurko saioa astelehenera atzera behar izan dute.
Erredakzioa
Eusko Legebiltzarrean bertan behera geratu da gaurko osoko bilkura, arazo teknikoak direla eta. Bilkura 09:30ean hasi da eta eguneko lehen puntua soilik eztabaidatu ahal izan dute. Bigarren puntua jorratzerakoan, Idoia Mendia Justizia sailburuak hartu du hitza, baina bi minutuz soilik hitz egin ahal izan du.
Arantza Quiroga Legebiltzarreko presidenteak saioa 15 minutuz etetea erabaki du, baina arazo teknikoak konpontzen ez zirela eta, bilkura bertan behera utzi behar izan dute. Gaurko saioa datorren astelehenean errepikatuko dute. Akats informatiko batek megafonia, bozketa eta legebiltzarkideen agerraldien denbora kontrolatzeko sistemak izorratu ditu. Joan den abenduaren 23an antzeko arazoa izan zuten Legebiltzarrean, baina orduan eskuak altxatuta bozkatu zuten eta saioak aurrera egin zuen.