Politika -
Kaleko bandalismoa
Zigor penala, desordena publikoa eragiten duten afiliatuentzat
Barne Ministerioak Justizia Ministerioari bidali dio proposamen hori Gobernuak urtea bukatu baino lehen onartu nahi duen Kode Penalean sartzeko.
Erredakzioa
Barne Ministerioak proposamena egin dio Justizia Ministerioari, Kode Penala erreformatzen dutenean bertan jasota gera dadin manifestazioak deitzen dituzten elkarte, alderdi eta sindikatuei zigor penalak ezarri ahal izateko aukera, horien afiliaturen batek ordena publikoa hautsiz gero.
Barne Ministerioko iturriek baieztatu dutenez, Ignacio Ulloa Estatuko Segurtasun idazkariak Justizia Ministerioari helarazi dio proposamen hori, Kode Penalaren erreforma horrekin batera ari baita prestatzen. Gobernuak urtea bukatu baino lehen onartu nahi du.
Justizia Ministerioko iturrien esanetan, Barne Ministerioak Kode Penala gogortzeko bere ekimenak bidali dizkio azken egun hauetan, eta datorren astean Ulloa eta Fernando Roman Justiziako estatu idazkaria elkarrekin bilduko dira, aldaketa horiei itxura emateko.
Barne Ministerioaren planen arabera, manifestazioetan ordena publikoaren aurkako delituak, istiluak edo liskarrak egiten dituztenek manifestazioa deitu duten elkarte, sindikatu edo alderdi politikoetako afiliatuak badira, horiei, erantzukizun zibila ez ezik, erantzukizun penala ere eskatu ahal izateko.
Bestalde, Barne Ministerioak gutxienez bi urteko zigorrarekin zigortu nahi ditu kaleko bandalismo egintzak, horrela fiskalak behin-behineko espetxealdia eskatu ahal izateko eta epaileak, egoki baderitzo, zigor hori agintzeko aukera izan dezan.