Politika -

Ekitaldia Bilbon

Euskadik 459 milioi euro bideratuko ditu euskal ekonomia sustatzeko

Halaber, ikerkuntza eta gazteen enplegua berpizteko beste 56 milioi inbertituko dituzte. Enpresa handiei "esfortsu bat" eskatu die lehendakariak Bilbon izandako ekitaldi batean.

Patxi Lopez lehendakaria, Bilboko Itsas Museoan izandako ekitaldian. Argazkia: EITB
Patxi Lopez lehendakaria, Bilboko Itsas Museoan izandako ekitaldian. Argazkia: EITB
Lopezek 459 milioi euroko inbertsioa iragarri du euskal ekonomia sustatzeko

01:17

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez lehendakariak iragarri duenez, euskak Exekutiboak 459 milioi euro bideratuko ditu euskal ekonomia sustatzeko, beste 30 milioi ikerkuntza pizteko eta 26 milioi euro gazteen enpleguan laguntzeko. Horrela iragarri du Lopezek Bilboko Itsas Museoan izandako ekitaldi batean. Eusko Jaurlaritzako hainbat ordezkari eta zenbait eragile sozial eta ekonomiko izan dira bertan.

Lehendakariak zehaztu duenez, 2012 bitartean, guztira, 352 milioi inbertituko ditu Eusko Jaurlaritzak, "euskal ekonomia eta ekoizpen ehuna sustatzeko asmoz". Inbertsio hau 8.500 enpresentzat izango da onuragarria eta Lopezen arabera, eragindako inbestitzea mila milioi eurokoa izango da.

Gainera, doktoreak kontratzeko eta ikerkuntza proiektuen garapenerako beste 30 milioi euro bideratuko direla nabarmendu du, "Euskadik ezin baitu hezkuntzaren eta ikerketaren aukera galdu". Gauzak horrela, atzerrian dauden euskal enpresek 1.000 gazte kontratatzen laguntzeko 26 milioi euroko inbertsioa prestatu du.

Patxi Lopezek krisiari aurre egiteko "Euskadi eredua" aldarrikatu du, "kostuak murrizten dituelako eta defizita kontrolatzen duelako baina ekonomia berpizteko inbertsiorako baliabideak bideratuta eta gizarte-zerbitzuak mantenduta".

Lehendakariak "esfortsu eta konpromiso bat" eskatu dizkie enpresa handiei. Gainera, "politika publikoen erreferente gisa" Euskadi defendatu du. "Murrizketetan eta zorraren obsesioan oinarritutako politika publikoek ez dute arazoak konponduko", ohartarazi du Lopezek, "arazoak larriago bihurtu baizik". "Krisiaren amaiera ez da 2012an izango", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea