Politika -
Ekitaldi batean, Donostian
Rajoyk Aznarren 'zapalkeriarekin' jarraitzen duela salatu du Barrenak
D3M eta Askatasuna plataformak sortzeagatik datorren hilean epaituko dituzten 13 akusatuei elkartasuna erakutsi diete Pernando Barrenak eta Eleak elkarteak Donostian izandako ekitaldi batean.
Erredakzioa
Jose Maria Aznarrek hasitako "zapalkeriarekin" Jose Luis Zapaterok lehen eta Mariano Rajoyk orain ere jarraitu dutela salatu du larunbat honetan Pernando Barrena ezker abertzaleko kideak. Donostian izandako ekitaldi batean hainbat auzitan auzipetu dituzten ezker abertzaleko hainbat kide, Barrena eta presoei babesa erakusteko Eleak elkartea izan dira.
Bertan bildu direnek 2099. urtean legez kanpo jo zituzten D3M eta Askatasuna plataformak sortzeagatik datorren hilean epaituko dituzten 13 akusatuei elkartasuna erakutsi diete. Halaber, Auzitegi Nazionalean izango den epaiketaren aurka Bilbon maiatzaren 5erako deitutako manifestazioa ere iragarri dute.
Batasuneko buruzagi ohiak esan duenez, D3M eta Askatasunaren aurkako epaiketa, 'Bateragune auziaren' epaiketa eta 'Parot doktrina' babestu duen Auzitegi Konstituzionalaren erabakia "irtenbide demokratikoaren aurkako eraso larriak dira".
Barrenak salatu duenez, "abian dagoen prozesu demokratikoa oztopatu nahi dute, hau da, eskubideen urraketekin estali nahi dute ideia eta proiektu politikoen eztabaidari Espainiako estatuak dion beldurra". Hala ere, Aieteko aitorpenean " garai politiko berri bat irekitzen lortu du" ezker abertzaleak, "irtenbide demokratikoaren behin betirako prozesu baten hasiera ahalbidetu duena".
Barrenaren esanetan, "gehiengo bat ari da eraikitzen eta zabaltzen" eta horren harira, Gernikako Akordioa aipatu du, "eragile sozial, sindikal eta politikoen artean adostasun zabal bat marraztu duena".