Politika -

Elkarrizketa

Juan Maria Uriarte, Euskal Herriko gatazkari buruz: "Benetako adiskidetzetik nahiko urrun gaude"

Radio Euskadiko "Ganbara" saioan, Donostiako gotzain emerituak adierazi du adiskidetzea lortzeko "iraganean gertatutakoa aztertu" beharra dagoela, eta azpimarratu du gatazka ez dela erabat itxita egongo belaunaldiak igaro arte.

Juan Maria Uriarte Donostiako gotzain emeritua. Artxiboko argazkia: EFE
Juan Maria Uriarte Donostiako gotzain emeritua. Artxiboko argazkia: EFE
Juan Maria Uriarte Donostiako gotzain emeritua. Artxiboko argazkia: EFE

GAIZKA PALACIOS AGIRRE | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Maria Uriarte Donostiako gotzain emerituak adierazi du Euskal Herriko gatazka amaitutzat emateko belaunaldiak igaro beharko direla, eta azpimarratu duenez, "benetako adiskidetzetik urrun gaude". Halaber, ezinbestekotzat jo du iraganari buruzko hausnarketa egitea.

Radio Euskadiko "Ganbara" saioan egindako elkarrizketa batean, Uriartek esan du ETAk bere jarduera armatua betiko bukatu zuenetik igaro den denbora-tartea ez dela nahikoa gatazka amaitutzat emateko.

"Horrelako gatazkak belaunaldiak igarotzen direnean ixten dira. Adituek esaten dute hamar urte ez direla nahikoa horrelako gatazka luze eta larri bat itxitzat emateko", azaldu du.

"Armak isildu dira, baina adiskidetzea armen bakea baino gehiago da: memoria, egia, justizia, elkarrizketa eta barkamena eskatzea da", azpimarratu du.

"Adiskidetzeak ez du esan nahi bata bestearen laguna izan behar denik, baina iraintzaileak eta irainduak elkar ulertzea eskatzen du, erresumina baztertzea eta errespetuzko harremana izatea", erantsi du.

Horren harian, Uriarteren ustez, "benetako adiskidetzetik urrun gaude oraindik, hasieran baino hurbilago egon arren".

Fase berri honetan eragile ezberdinek eman beharko luketen balizko urratsei buruz galdetuta, gotzain emerituak esan du "urte luzeetan ETA babestu dutenek edo, modu batera edo bestera, ETAri men egin diotenek" eman beharko lituzketela pausoak, "azken fasean ETAren desegitean parte hartu bazuten ere".

Hortaz, "publikoki aitortu behar dute hura gaizki egon zela, barnean tentsioa eragin arren", iritzi dio.

Edonola ere, Uriartek gaineratu du "beste eragile sozial, politiko, akademiko eta mediatiko batzuek ere beste alde batera begiratu" zutela.  

"Elizak berak hasieratik gaitzetsi zituen ETAren hilketak eta bahiketak, baita indarkeria horri erantzuteko egin ziren gehiegikeriak ere, baina azken hamarkadara arte ez zuen biktimen sufrimenduarekiko sentiberatasun nahikorik erakutsi", aitortu du.

Damurik agertu gabe barkamena eskatzea zilegi ote den galdetuta, Uriarteren aburuz, ETAren "gaitzespen morala nahitaezkoa" da, baina damutzea "beste gauza bat" da.

"Damua barruko zerbait da. Benetakoa bada, damua adieraztea onuragarria da erantzulearentzat, biktimarentzat eta gizartearentzat. Baina ez da lege zibilik pertsona bat damua adieraztera behartu dezakeenik, barruko sentimendu batez ari baikara", azaldu du.

Halaber, Donostiako gotzain emerituak nabarmendu duenez, "adiskidetzea izateko nahitaezkoa da iraganaren azterketa egitea".

"50 urtetan izandako izugarrikeriei buruz hausnarketa egin beharra dago, eta denboran atzerago ere joan beharko ginateke", adierazi du.

Ildo berean, Estatuaren, eskuin muturreko taldeen edo polizien indarkeria ere aztertu beharra dagoela zehaztu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Donostia Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Albisteak