Politika -

Hauteskundeak Frantzian

Profilak: Nicolas Sarkozy vs. François Hollande

Egungo presidentea eta hautagai sozialista bigarren itzulian lehiatuko dira. Hollande, faborito.

Nicolas Sarkozy eta François Hollande. EFE
Nicolas Sarkozy eta François Hollande. EFE
Nicolas Sarkozy eta François Hollande. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

NICOLAS SARKOZY

Errepublikako 23. presidente eta UMP alderdi kontserbadoreko hautagaia porrotetik gertu dago, lehen itzulian bigarren izan eta gero. Horrenbestez, badirudi garesti ordainduko duela krisiak eta hainbat polemikak baldintzatutako agintaldia.

Inkestei buelta emateko helburuz, Sarkozyk azkeneraino egingo du borroka, animalia politiko hiperaktiboa eta nekaezina baita. Zeregin horretan, etsai politikoak ere liluratzen saiatuko da, muturreko eskuinaren zein ezkerraren boto-emaileak erakartzeko.

Lehen itzuliko emaitzak ezagututakoan, adibidez, frantziarren kezkak "immigrazioaren kontrola, gure mugen errespetua eta frantziarren bizimoduen biziraupena" direla esan zuen. Muturreko eskuineko botoen 'ehiza' abiatu zuen erakusle.

Azken urteetan, neurri polemikoak onartu ditu, ijitoen kanporatze masiboak, kasu. Erreforma ekonomikoek, gainera, ez dute krisitik ateratzen lagundu: Frantzian duela bost urte baino milioi bat langabe gehiago daude, defizit publikoa % 7koa da eta Standard & Poor's agentzia 'A hirukoitza' kendu berri dio.

Horri guztiari ustezko ustelkeria auziak gehitu behar zaizkio. Besteak beste, Versallesko jauregia zaharberritzeko langile irregularrak kontratatzea, 2007ko kanpainarako L'Oreal-eko oinordekoaren partetik legez kanpoko finantziazioa jasotzea (Bettencourt auzia deritzona) eta Pakistani itsaspekoak saltzeko operazio batean funts publikoak bidegabe erabiltzea egotzi diote.

Askotan, gainera, ez du jokaera zuzena erakutsi jendaurrean. 2007an, "ergela" deitu zion dibortzio zurrumurrien harira galdera bat egin zion kazetari bati, eta 2008an berdin egin zuen ekitaldi batean agurtu nahi ez zuen herritar batekin.

Eta ez da ahaztu behar 'prentsa arrosa'n ere maiz agertzen dela, Frantziako presidente izanda dibortziatu egin baitzen Carla Bruni modelo eta abeslariarekin ezkontzeko.

FRANÇOIS HOLLANDE

Lehen itzuliko garaipenaren ostean, François Hollande sozialista bigarren itzulirako faborito da. Karisma urrikoa da, baina murrizketa politikak aldatuko dituen hautagai gisa ikusia da.

1997tik 2008ra Alderdi Sozialistako burua izandakoak alderdi barruan eta Correze eskualdean egin du ibilbide politiko osoa. Barne hauteskundeen ostean, kohesioa ekarri du sozialisten artean, ia arriskatu gabe eta hanka-sartze handirik egin barik .

Hollande ezustean bihurtu zen Alderdi Sozialistaren hautagai. Historiak beste protagonista bat espero zuen, Dominique Strauss-Kahn Nazioarteko Diru Funtseko (NDF), baina hura atxilotu egin zuten, New Yorkeko hotel langile bat bortxatzen saiatzea egotzita, eta bat-batean, Hollanderi Eliseorako ateak zabaldu zitzaizkion.

Orain, dena alde du Eliseoa ezkerrarentzat berreskuratzeko. Azken presidente ezkertiarra François Mitterrand izan zen, 1995ean.

Azken aldian, Hollandek itxura aldaketa nabaria egin du, bai fisikoa, bai psikologikoa. Izan ere, asko argaldu da, eta bromazalea eta ironikoa izatetik, serioagoa izatera pasatu da.

Buruzagi sozialistak lau seme-alaba ditu Segolene Royal presidentegai sozialista ohiarekin, baina ez zeuden ezkonduta. 2002an, Frantziako Presidentziarako hauteskundeen ostean, banandu egin ziren, eta egun Valerie Trierweiler kazetaria da haren bikotekidea.

Hauteskunde kanpainan, Hollandek hainbat neurri ezkertiar proposatu ditu, hala nola urtean milioi bat euro baino gehiago irabazten dutenei % 75eko zergak jartzea eta finantzen sektorea arautzea.

Anbizioa ez zaio falta, bigun eta zintzo ospea badu ere. Hain handia da haren anbizioa, ezen ametsa txikitatik argi baitzuela: "Heldua naizenean, presidente izango naiz", esan omen zuen, izeko batek dokumental batean aipatu zuenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea