Politika -
Protesta
Eusko Legebiltzarretik atera dituzte gose greba hasi duten pertsonak
Maiatzaren 3an D3Mren eta Askatasunaren aurka hasiko den epaiketa dela eta ari ziren protesta egiten, Aralarren eta EAren babesarekin, baina Ertzaintzak Legebiltzarretik irtenarazi ditu.
Erredakzioa
D3Mren eta Askatasunaren kontra maiatzean hasiko den epaiketa dela eta baraualdia hasi duten hiru lagunak irtenarazi dituzte Ertzaintzaren agenteek Eusko Legebiltzarretik, bertako presidentearen aginduz.
Ordubete lehenago hasi dute protesta Legebiltzarraren barruan, Aralarren eta EAren babesarekin. D3M eta Askatasuna alderdi abertzaleen aurkako epaiketa salatzeko eta "eskubide zibilak eta politikoak itzularaztea" aldarrikatzeko ostiral arratsaldera arte baraualdia egin nahi zuten.
Bi alderdion jarduerak 2009ko otsailaren 17an eten zituzten. Handik eta egun batzuetara, martxoan egitekoak ziren hauteskunde autonomikoetan parte hartzea galarazi zieten.
Epaiketa maiatzaren 3an hasiko da Auzitegi Nazionalean. Fiskaltzak 7 eta 9 urte arteko espetxe zigorrak eskatu ditu 13 auzipetuentzat, ETAko kide izatea edo ETArekin kolaboratzea egotzita.
Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidenteak aginduta, Ertzaintzaren dozena bat agente Aralar taldearen bulegora joan dira, bertan baraualdia hasi duten Amparo Lasheras (auzian inputatuta dago) eta Txerra Bolinaga eta Imanol Olabarria (auzipetuen aldeko plataformako kideak) Legebiltzarretik irtenarazteko.