Politika -
EHUko errektorea
Goirizelaia: 'Ezin da esan EHUk presoei tituluak oparitzen dizkiela'
Arlo honetan akordio batera iristeko EHU Espetxe Erakundeen Zuzendaritzari zuzendu zaiola azaldu du Iñaki Goirizelaiak, eta erantzunaren zain daudela zehaztu du.
Erredakzioa
Presoek erakundean ikastearen alde egin du Iñaki Goirizelaia Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak eta besteei baino tratu hobea ematen zaiela ukatu du. "Unibertsitateak ez dizkie ETAko presoei tituluak oparitzen", gaineratu du
Radio Euskadin elkarrizketatu dute eta presoak, orokorrean, EHUn ikasi ahal izateko, Espainiako espetxeetatik at egotea, ez dela "logikoa" adierazi du.
EHUko Kontseiluak aho batez onartu zuen protokoloa "erabat legezkoa" dela onartu zuen Auzitegi Konstituzionalaren epai batek eta honen harira, protokolo horrek "ikasketak kalitatezko irizpide guztiei jarraituz ematea ahalbidetzen duela", esan du.
Horregatik, "esaten dutenarekin kontuz" ibiltzeko ohartarazi die "hainbat politikariri.
2005ean Legebiltzarrean ETAko presoek egindako ikasketa guztien datuak azaldu zituztela ekarri du gogora, eta "aldeko traturik ez zegoela berretsi zen", adierazi du. "Ez da inoiz hori gertatu, ez da gertatzen, eta ez da gertatuko".
Azkenik, arlo honetan akordio batera iristeko EHU Espetxe Erakundeen Zuzendaritzari zuzendu zaiola azaldu du Iñaki Goirizelaiak, eta erantzunaren zain daudela zehaztu du. "Hitz egiten badugu, seguru akordio batera iritsiko garela", ondorioztatu du.