Politika -
Boto baten aldearekin
Atzera bota dute Erregeak Gernikari barkamena eskatzeko proposamena
Aralarrek Legebiltzarrean aurkeztutako ekimena zen. Horren ordez, herriaren memoria bizirik mantentzearen aldeko zuzenketa onartu dute eta PSE-EEk, PPk eta UpyDk.
Erredakzioa
Eusko Legebiltzarrak ez du onartu Espainiako erregeak Gernikari barkamen eska diezaion berau premiatzeko proposamena.
Erregeak 1937ko Gernikako bonbardaketak eragindako oinazea aitortzearen alde Legebiltzarrak ebazpen bat onartzea zuen helburu Aralarrek aurkeztutako ekimenak, baina proposamenak PSE-EE, PP eta UPyD alderdien ezetza jaso du.
Barkamen-eskaera ageriko baten aldekoa zen Mikel Basabek aurkeztutako oinarrizko testua, baina, EAJrekin eta Ezker Anitzarekin adostu ondoren, eskaera hori aldatzea hitzartu du Aralarrek, eta ''eragindako kaltea aitortzea'' eskatzea onartu du
Hala ere, proposamenak ez du gehiengoaren babesa eskuratu, eta PSE-EE, PP eta UPyD alderdien kontrako 35 botoei esker ez du aurrera egin.
Gainera, Dani Maeztu Legebiltzarrean ez egoteak berdinketa galarazi du.
Ostegun honetan Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena betetzen dela gogoratu du Basabek, eta Alemaniak dagoeneko barkamena eskatu duen arren, ''Espainiak oraindik ez du egin'', azpimarratu du.
Monarkiari kalte egiteko helbururik ez dutela azaldu du Basabek, ''laguntzarik gabe Monarkiak berak bere izenari kalte egiten diolako jada''. Afrikara egindako bidaiaren ondoren, ''elefanteei barkamena eskatu'' bai baina Gernikari eskatu ez izana ondo ikusten ote duten galdetu die Basabek sozialistei.
Pilar Perez Fuentes (PSE-EE) legebiltzarkideak esan du desiragarria litzatekeela erregeak barkamena eskatzea, eta ondo ikusiko lukeela; baina ez du egoki ikusi Eusko Legebiltzarrak egitea eskaera hori.
Antonio Damboreneak (PP), bestalde, kontraesanetan aritzea leporatu dio Aralarri, ''Monarkiaren zilegitasuna onartzen ez duelako, baina aldi berean barkamena eskatzea eskatzen diolako''.
Herriaren memoria bizirik mantentzearen alde
Aralarren proposamena baztertu ondoren, PSE-EE, PP eta UPyD alderdiek herriaren memoria bizirik mantentzearen aldeko zuzenketa onartu dute. Gobernuak eta Gorte Nagusiek ere berau bizirik mantentzea defendatu du testuak.