Politika -

EH Bilduren ibilbide-orria

EH Bilduk indarrak batzeko apustua egingo du, ekoizpen eredua aldatzeko eta "herri hobea eraikitzeko"

Koalizio soberanistak datozen urteetarako proiektua aurkeztu du. Egungo arazo sozial eta ekonomikoei "egiturazko konponbideak" emateko gai izango den eredu propio bat lantzea ezinbestekoa dela adierazi du, eta hori "sektore ezberdinekin" elkarlanean arituz soilik lortu ahal dela azpimarratu du.

Arnaldo Otegi, Aizpea Otaegi eta Pello Otxandiano EH Bilduren ekitaldian. Argazkia: EFE
Arnaldo Otegi, Aizpea Otaegi eta Pello Otxandiano EH Bilduren ekitaldian. Argazkia: EFE
EH Bilduk datozen urteotarako bide-orria aurkeztu du Bilboko Euskalduna Jauregian

1:1

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk datozen urteetarako egitasmo politikoa aurkeztu du gaur arratsaldean Bilboko Euskalduna Jauregian egindako ekitaldi batean. Helburua "herri hobea eraikitzea" dela adierazi dute, eta horretarako subiranotasuna eta egungo ekoizpen eredua aldatzea nahitaezkoa izango dela azpimarratu dute.  

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak ohartarazi du Euskal Herria "geldialdian" dagoela eta "gainbeheran" sartzeko bidean dela.

Pandemiak eta Ukrainako gerrak eragin duten testuinguruan, erakundeen helburu bakarra "lehengo normaltasuna" berreskuratzea dela esan du, "baina normaltasun berri hori geratzeko etorri da eta orain mundua ezegonkorragoa eta arriskutsuagoa da", erantsi du.

Otegiren esanetan, krisiaren ondorio nagusiak hiru dira: langile klasearen txirotzea, baliabide naturalak eskuratzeko borroka eta autoritarismoaren gorakada.

Egoera honen aurrean, EH Bilduk Euskal Herrian landutako eta "euskal baloreetan" oinarritutako alternatiba bat adostea proposatzen du.  

"Ezin dugu onartu enpresak eskaintza onena egiten duenari saltzea; ezin dugu onartu gazteak prekarietatean egotea edo erbestera joan behar izatea lana izateko; eta ezin dugu onartu emakumeek dagokien tokira heltzeko aukerarik gabe egotea; neurriak hartu behar dira hemen, nortasun nazionala indartuz, Parisera edo Madrilera begiratu gabe", azaldu du Otegik.

"EH Bilduren proposamena Euskal Herrian bizi diren belaunaldi guztiei zuzenduta dago, hemen jaio zirenei nahiz kanpotik etorritakoei, eta helburua herrialde hobea, justuagoa eta subiranoa eraikitzea da", zehaztu du.

"Erradikaltasunaren aldarrikapena berreskuratu behar dugu. Erradikalak izan behar dugu arazoei heldu eta egiturazko neurriak hartzeko. Ez da nahikoa jendearen arazoak hilabete batzuetarako konpontzea. Ekoizpen eta Estatu ereduak aldatu behar ditugu, herritarren arazoak errotik konpondu ahal izateko", azpimarratu du.

"Gurea erradikaltasun zuhurra eta arduratsua da. Ez dugu beldurrik eztabaidatzeko, baina badakigu aldaketak gauzatzeko indarrak batu eta akordioak egin behar ditugula, hori da herri honi eskaintzen diogun erradikaltasuna", erantsi du Otegik.

Gauzak horrela, EH Bilduk "sektore guztiekin" izan nahi ditu harremanak "herri hobea eraikitzeko". "Badakigu guk bakarrik ezingo dugula egin eta indarrak biltzea eta itunak egitea ezinbestekoa dela", berretsi du Otegik.

Ildo berean, argi utzi nahi izan du gaur aurkeztutako proposamena ez dela interes alderdikoietan oinarritzen eta harago doala.

"Espainiari, Frantziari eta elite ekonomikoei gure izenean erabakiak hartzeko eskumena ukatzen diegu. Euskal Herrian alternatiba propio bat eraiki behar dugu eta alternatiba hori beste balio batzuetan oinarritu behar da", nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Krisi ekonomikoa Politika Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak