Politika -

Bilkura monografikoa

Prezioen igoerak gehien kaltetutako sektoreei zergak izoztearen eta funtsak aktibatzearen alde egin du Voxek

Amaia Martinezek gogor kritikatu du Eusko Jaurlaritzak pandemia ostean "milioi askoko soberakin ulertezina" edukitzea. Egungo krisiari aurre egiteko, elektrizitatearen gaineko zerga berezia ezabatzea eta hidrokarburoen eta sozietateen zergak murriztea defendatu du.

Amaia Martinez (Vox) gaur, Legebiltzarrean. EITB
Amaia Martinez (Vox) gaur, Legebiltzarrean. EITB
Amaia Martinez (Vox) gaur, Legebiltzarrean. EITB

O.P. | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amaia Martinez Voxek Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak gaurko osoko bilkura monografikoa "gerra bidegabe honetan" ukrainar herriari "babesik zintzoena" emanez hasi du hitzaldia eta hasieratik nabarmendu nahi izan du, testuinguru sozio-ekonomiko eta energetiko berriari aurre egiteko arazoen konponbideak eta sistema behar ditun aldaketen inguruko erabakiak "hemendik kanpo" hartu behar direla, "baita Espainiatik kanpo ere", eta azpimarratu du "dena Euskal Herria munduaren erdigunea balitz bezala  kudeatzen tematuta" jarraitzen dela.

Martinezek Eusko Jaurlaritzak pandemia garaian aurreztutako "dirutza harrigarrian" oinarritu du bere hitzaldia, "egungo testuinguruan erabat ulertezina den soberakin milioiduna".

Salatu duenez, "pandemiaren 24 hilabete gogorren ondoren, ia era guztietako enpresak galbidera, langabeziara, pobreziara eta penuria orokorretara kondenatuak izan ondoren, jakin dugu Urkulluren Gobernuak 1800 milioi euroko soberakina duela. Martinezen arabera, "pandemian zehar euskal ostalaritza zulotik ateratzeko Jaurlaritzak eman dituen laguntzak baino handiagoa da".

Egungo krisiari aurre egiteko bere alderdiaren proposamenak zerrendatu ditu gero, lehenengo eta behin, "energiaren prezioen igoerak kaltetutako sektoreei eta pertsonei  egoera hori konpontzeko ia berehalakoak izango diren funtsak aktibatzea". Nekazaritza, arrantza eta garraio sektoreak aipatu ditu, "Ukrainatik iritsitako pertsonak modu solidarioan eta altruistan etxean hartzen dituzten pertsonak ahaztu gabe".

Era berean, Voxek proposatu du "sektore horien jarduerari kalte egiten dioten" zuzeneko eta zeharkako zergak izoztea, eta "autonomoentzako eta aldi baterako lan-erregulazioko egoeran dauden langileentzako arreta berezia" eskaintzea, baita elektrizitatearen gaineko zerga berezia ezabatzea ere.

Horrez gain, konfiantzazko karguen gehiegizko gastua ezabatzeko beharra azpimarratu du, "gastu garestia eta erabat baztergarria", baita "goi-kargudunak izan zirenak eta jada ez direnak mantentzeko biziarteko gastua" ere.

Bere hitzaldiaren amaieran, Martinezek salatu du "demokrazia, elkarrizketarako eta akordiorako jarrera, ideien errespetua eta berdintasunezko tratuaren inguruan lezioak ematen aritzen direla" zenbait Legebiltzarrean, "egunerokoan kontrakoa egiten dutenean gauzak proposatzen eta planteatzen dituena VOX denean".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Legebiltzarra Eguneko albisteak Albisteak Vox Errusia-Ukraina gerra Azken ordua Amaia Martinez