Politika -
Hezkuntza Batzordea
Ikasturte honetan izan beharko dute ikastetxeek bizikidetzarako plana
Martxan da jada irakasleei laguntza eskaintzeko zerbitzua, Isabel Celaa Hezkuntza sailburuak iragarri duenez.
Erredakzioa
Isabel Celaa Hezkuntza sailburuak iragarri duenez, ikasturtea bukatu baino lehen ikastetxe guztiek izan beharko dituzte prest beren bizikidetzarako planak.
EAJk eskatuta, Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean agerraldia egin du sailburuak, herritartasun eta gizarte arloko gaietan EAEko ikasleen gaitasunen berri emateko.
Sailburuak azaldu du martxan dela jada bizikidetzarako plana abia dezaten irakasleei laguntza eskaintzeko zerbitzua. Orain arte, 34 txostenetan bildu dute gaiaren inguruko informazioa, sailburuak azaldu duenez.
Bizikidetzarako Behatokia
Era berean, ikastetxeei bizikidetzarako behatoki propioa sortzea ere eskatu dietela azaldu du Celaak, aurreko Jaurlaritzak 2009an sortutako Bizikidetzarako Behatokia oraindik martxan jarri ez dutela onartu ondoren. Celaaren ustetan ''lotura handiegia'' zuen Jaurlaritzarekin, hori osatzen zuten ''ia kide guztiak Eusko Jaurlaritzako ordezkariak zirelako''. Hori dela-eta, aldaketak egin dituzte, behatoki ''pluralago'' bat sortzeko, eta ''beste erakunde batzuk'' bertan sartu ahal izateko.