Politika -
Andaluzia
Griñan berriro presidente, PSOE-IU ezohiko akordioaren ostean
Jose Antonio Griñan sozialista berriro izendatu dute Andaluziako presidente, PSOEk eta IUk akordio historikoa hitzartu eta gero.
Erredakzioa
Jose Antonio Griñan berriro izendatu dute Andaluziako presidente, Alderdi Sozialistak eta IUk gobernua osatzeko akordio ezohikoa sinatu eta gero. Horrenbestez, eta legegintzaldia agortuz gero, agintean urte gehien egin duen presidente bilakatuko da, Manuel Chavesen ostetik.
Griñanek 66 urte ditu, Madrilen jaio zen, baina bizitza osoa Andaluzian eman du. PSOEk eta IUk osatu dutena, Andaluziako hirugarren gobernu-koalizioa da. 1996-2004 urte arteko bi legegintzaldietan Alderdi Sozialistak Partido Andalucista alderdiarekin batera agindu zuen. Griñan 2009an iritsi zen lehendabiziko aldiz Andaluziako Gobernuaren presidentziara, Manuel Chaves ordezkatzeko, izan ere, honek kargu hori utzi zuen Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuko kide izateko. 2011ko udal hauteskundeetan eta zazpi hilabete geroago izan ziren hauteskunde orokorretan Andaluziako Alderdi Sozialistak emaitza txarrak izan zituen eta, ondorioz, Andaluziako hauteskundeetara begira etorkizun iluna espero zuten.
Inkesta guztiak Alderdi Popularra ematen zuten garailetzat, areago Andaluziako PSOE hainbat eskandalutan nahasita agertu ostean. Martxoaren 25ko hauteskundeak PPk irabazi zituen, baina ez inkesta ezberdinek iragarritako gehiengo absolutuarekin. Gauzak horrela, eta IUrekin (sei diputatu izatetik 12 izatera igaro da) egindako paktuari esker, Jose Antonio Griñan da, berriro ere, Andaluziako presidente.