Politika -
Espetxe-politika
Barne Ministerioak neurri berriak hartzea espero du Jaurlaritzak
UPyDren galdera bati erantzunez, Rodolfo Aresek esan du Espainiako Gobernuaren gizarteratze-plana "bide onetik" doala eta Jaurlaritzaren babes osoa daukala.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak Barne Ministerioak jarritako presoen gizarteratzerako plana babesten duela, egitasmoa "bide onetik" doala eta Espainiako Gobernuak bide horretan "neurri berriak" hartuko dituela espero duela adierazi du Rodolfo Aresek.
Adierazpen horiek Legebiltzarrean egin ditu, Jaurlaritzaren kontrolerako saioan eta Gorka Maneiro UPyDren bozeramaileak egindako galdera bati erantzunez.
"PPren Gobernua aldatu egin da, lehen Zigor Kodea gogortzea defendatzen zuten eta orain eskuzabaltasuna babesten dute", kritikatu du Maneirok.
Herrizaingo sailburuak esan du Barne Ministerioak hartutako neurriak "positiboak" direla, "jarduera terroristak egiteagatik edo ETAko kide izateagatik zigortutako pertsonak indarkeriatik aldentzea eta gizarteratzearen bidera ekartzea suposatzen duelako".
Gainera, Aresek nabarmendu du egun indarrean dagoen espetxe-politikaren helburu nagusia gizarteratzea dela, beraz, "legeak ezartzen dituen baldintzak betez gero, ETAko presoek ere onurak izateko eta gizarteratzeko eskubidea dute".
Gauzak horrela, etorkizunean Barne Ministerioak neurri berriak hartu dituela espero du, "betiere legearen baitan eta preso terroristak gizarteratzea lortzeko asmoz". Helburu hori indar politiko guztiek konpartitu beharko luketela erantsi du.
Amaitzeko, euskal presoak Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzeko irizpidea aldatu ez dela esan du. "Espetxe-politika ETAren diziplina onartzen duten presoen batasuna apurtzeko instrumentua da eta gizarteratzearen bide bakarra ahalbidetzeko".