Politika -

Frantziako hauteskundeak

Marine Le Pen, Frantziako lehen emakume presidente bilakatu nahi duen ultraeskuindarra

Inkesta guztiek kontrakoa iragarri arren, ikusteke dago Bilgune Nazionaleko buruak Emmanuel Macron garaitu dezakeen Frantziako hauteskundeen bigarren itzulian.

Marine Le Pen. Argazkia: EFE.
Marine Le Pen. Argazkia: EFE.
Marine Le Pen. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Marine Le Pen (Neuilly-sur-Seine, 1968) Frantziako presidente izateko lehian murgilduta egongo da igande honetan, Emmanuel Macronen (Amiens, 1977) aurka. Bilgune Nazionaleko buruzagia ez da hasiberria Frantziako politikan, baina oraingoa bere erronka politikorik handiena da.

Ultraeskuina ez da sekula Eliseora heltzeko hain gertu izan, Le Penen meritua askoren ustez. Bere aitaren irudi gogorra atzean uztea lortu du, diskurtsoa eztitzeko helburuarekin. Hala ere, Frantziako zein Europako moderatuen artean kezka sortzen jarraitzen du.

Jean Marie Le Pen aitaren politikak bere ibilbidea markatu du txikitatik. Aitak Fronte Nazionala sortu zuen 1972an. Zuzenbidean lizentziatua da, eta zenbait urtez abokatu bezala aritu zen lanean Parisen, baina 1998an eskuin muturreko alderdiarekin bat egin zuen.

2004an, Europako Parlamentuan eserlekua lortu eta ospea bereganatu zuen alderdi barruan zein kanpoan. Horri esker, eskualde eta udal hauteskundeetan arrakastak erdietsi zituen, 2011n Fronte Nazionaleko buruzagi berri izendatu zuten arte.

Orduz geroztik, aitaren hizkuntza agresiboa leuntzen saiatu da. Horrela, alderdiaren irudia aldatu zuen 2012ko presidentetza-hauteskundeetara aurkezteko. Orduan hirugarren tokian geratu zen Le Pen, baina emaitza historikoak izan ziren. Fronte Nazionalak indarra hartu zuen, eta 2014ko bozetan begi-bistan geratu zen: Europako hauteskundeetan, hain zuzen ere, ultraeskuineko alderdiak aurreneko indarra izan baitzen boto kopuruan.

2017an, Le Penek politikan guztiz finkatzea lortu zuen. Eskuin muturreko buruzagiak aurrez aurre izan zuen Macron presidentetzarako hauteskundeetan; bigarren itzulirako txartela eskuratu zuen, baina ez zuen botoen herena baino bildu. Hurrengo urtean, Le Penek izena aldatu zion alderdiari, iraganeko itzalak atzean uzteko saiakera berri batean. Bilgune Nazionala izendatu zuen.

Le Pen "abertzale" bezala definitzen da, eta bere diskurtsoaren zati handi bat hitz horren inguruan eraikitzen du, balio kontserbadoreen defentsa protekzionismo ekonomikoarekin uztartuz. Frantzia NATOtik ateratzea nahi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Frantzia Alderdi politikoak albisteak Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Frantzia Hauteskundeak Ultraeskuineko alderdi politikoak