Politika -

Frantziako hauteskundeak

Emmanuel Macron, liberalismoa eta europeismoa Eliseorako bidean

Bost urtean askotariko argi-itzalak pilatuta, irabaziz gero bigarrenez jarraian nagusituko litzateke agintari liberala Eliseorako lasterketan, agintaldi bakarreko presidenteen bolada etengo lukeelarik.

Emmanuel Macron. Argazkia: EFE.
Emmanuel Macron. Argazkia: EFE.
Emmanuel Macron. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hauteskundeen bigarren itzulian Marine Le Pen (Neuilly-sur-Seine, 1968) hautagai ultraeskuindarrari gailenduz gero, Emmanuel Macron (Amiens, 1977) bigarrenez izendatuko lukete Frantziako Errepublikako presidente.

Macron, Sciences Po ospetsuan hezia, 2004an hasi zen lanean Ekonomia eta Finantza Ministerioko ikuskatzaile gisa; ondoren, baina, kargua utzi eta enpresa pribatuan karrera egiten hasi zen.

Urte batzuk geroago, 2012an, François Hollande sozialistarekin elkarlanean hasi zen haren presidente izateko kanpainan. Bere garaipenarekin, Macron funtsezko kide izaten hasi zen Gobernu berrian, nazioarteko foroetan ohiko laguntzaile gisa, eta, pixkanaka-pixkanaka, Ekonomiako ministro izatera ailegatu zen.

Hala ere, bidean Hollandetik urrundu zen, eta bere "marka" propioa sortu zuen 2016an, herrialdeko "iraultza demokratikoa" egiteko asmoz. Horrela, En Marche izenarekin, Amiensekoak alderdi tradizionaletatik kanpoko hautagai gisa aurkeztu zuen bere burua, sozialisten eta kontserbadoreen higaduraren alternatiba gisa.

Kritikatzen zuen baina, aldi berean, horren parte zen sistemaren arrakaletatik sartzea lortu zuen, eta jokaldia ondo atera zitzaion. Behera etorritako Alderdi Sozialista baten eta eskandaluek zipriztindutako fronte kontserbadore baten aurrean, Macronek Eliseo Jauregiko giltzak lortu zituen 2017ko hauteskundeetan. Urte hartako maiatzean, bigarren itzulian, hiru bototik bi lortu zituen, eta, horrela, Frantzia modernoko presidenterik gazteena bilakatu zen.

Bost urteko gorabeherak

Republique en Marche izeneko alderdia formalizatuta, Macronek politika liberal eta europazaleetan oinarritu du bere agenda, argi-itzaletatik kanpo egon ez dena. Txaleko horien protestek gizartearen zati batek bere agintaldiarekiko zuen nahigabea irudikatu zuten. Era berean, oposizioak leporatzen hasi zitzaion "napoleondar kutsuak" zituela, modu pertsonalistan gobernatzen zuela eta ezbeharren aurrean bere erreakzioak motelak zirela.

Hala ere, azken hilabeteotan, Ukrainako gerraren harira, bere barne-estrategia politikoa aldatu behar izan du Macronek gatazkaren bitartekaritza-lanaren alde egiteko, eta, horri esker, Europaren eta NATOren begietara, kargua berretsi nahi duen presidenteak lider sendo baten irudia landu du.

Horrela, Macronek agintaldi bakar bateko presidenteen bolada eten dezake (Nicolas Sarkozy eta François Hollande), eta postu bat irabazi Jacques Chirac, François Miterrand eta Valéry Giscard d'Estaing bezalako agintarien zerrendan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Frantzia Emmanuel Macron Hauteskundeak