Politika -
ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN
Poza eta kezka agertu ditu Joseba Erremundeguyk, balore demokratikoek irabazi arren Le Penek gora egin duelako
Macronen bigarren agintaldiari begira, Baionako hautetsia eta Hirigune elkargoan Kanpo Gaietarako kontseilari denak espero du presidenteak umiltasunez jokatuko duela eta entzungo dituela Ipar Euskal Herritik egiten zaizkion eskaerak, besteak beste, euskarazko murgiltze eredua bermatzea.
Onintza Aiestaran | EITB MEDIA
Frantziako presidentea aukeratzeko hauteskundeen biharamunean, Emmanuel Macronen garaipenaren lehen balorazioa egin du Joseba Erremundeguy Baionako hautetsi eta Hirigune elkargoan Kanpo Gaietarako kontseilari denak. Euskadi Irratiko "Faktoria" saioari eskainitako elkarrizketan, poza eta kezka agertu ditu: poza, balore demokratiko eta europarrek irabazi dutelako eta eskuin muturra boterera iritsi ez delako; kezka, Le Pen hedatzen ari delako Ipar Euskal Herrian, bai boto kopuruan eta baita boto portzentajean ere. Gaineratu duenez, eskuin muturreko presidentegaia udalerri txiki batzuetan eta Baionako hautesleku batean nagusitu da.
Joseba Erremundeguyren arabera, oro har, jendea ez da identifikatuta sentitzen Macronekin. Horren esanetan, Macronek aurrera eraman dituen politikak oso liberalak izan dira nahiz eta hasieran esan omen zuen bere agintaldiak izango zuela alde liberala eta bigarren aldi sozialago bat. "Hori ez du obratu", gaineratu du.
Bestalde, Macroni umiltasuna falta izan zaiola uste du. Presidentea ez ezik bere ministroak "harroputzak" izan direla kritikatu du. Atzoko emaitzen aurrean, Macronek eta bere ordezkariek umiltasunez jokatuko dutela espero du Erremundeguyk.
Ipar Euskal Herriko emaitzen inguruan galdetuta, duela bost urteko hauteskundeekin alderatuta Macronek babesa galdu duela azpimarratu du Ipar Euskal Herriko ordezkariak, bai bigarren itzulian eta baita lehenengoan ere. Hurrengo bost urteei begira, Macronek Ipar Euskal Herritik egiten zaizkion eskaerak entzungo dituenaren itxaropena agertu du Baionako hautetsiak. Eskaera nagusien artean hauek aipatu ditu: euskarazko murgiltze eredua bermatzea, brebeta eta baxoa azterketak euskaraz egin ahal izatea, lurraldetasuna edo presoak.
Uztaileko hauteskunde legegileei begira, hiru alternatiba daudela adierazi du: Macron, eskuin muturra eta Melenchon (ezkerra). Dena dela, ez daki boto-emaileak hiru horietakoren batetik identifikatzen ote diren, bereziki, Ipar Euskal Herrian. Macron aurretik dela uste arren, hauteskunde presidentzialetan eta legegileetan botoa ematen dutenak ezberdinak direla eta zenbaiten presidentea aukeratzeko bozetan soilik parte hartzen dutela gogoratu du.